Igo
  • 2020/10/27

Hilerriak ateak zabalik izango ditu aste osoan zehar, Domu Santu eguneko bisitak modu mailakatuan egin daitezen

Igandean izango den Domu Santu eguna dela eta, hilerria zabalik egongo da aste osoan zehar. Jende pilaketak saihestea da helburu nagusia, eta horretarako, joan-etorriak modu mailakatuan egiteko eskatzen du Galdakaoko Udalak. Hilobiak atondu nahi dituztenek zabalik dituzte dagoeneko ateak, bai eta zendutako hurkoen hilobiak bisitatu nahi dituztenek ere.


Segurtasunerako distantziak mantentzearen garrantziaz ohartarazi nahi du Galdakaoko Udalak, eta kanposantuan ere arduratsu jokatzeko deia egiten die herritarrei. Ahal dela hilerrira aurretik eta modu mailakatuan joateko eskatzen die, ahalik eta denbora gutxien egoteko bertan, eta distantziak mantentzeko; kanpoan itxaron behar bada, pazientziaz itxaroteko. Musukoa jarrita izatea eta 1,5 metroko gutxieneko distantzia mantentzea derrigorrezkoa dela gogorarazten du udalak.


Herritarrak ahalik eta gutxien pilatu daitezen, etenik gabe egongo da zabalik kanposantua egunotan. Eta batez ere Domu Santu egunerako zein bezperarako, hilerriak lau sarrera dituela kontutan hartzeko eskatzen du udalak. Lau sarrerak egongo dira zabalik, eta bakoitzak hurbilenekoa erabil dezala gomendatzen da: sarrera nagusia panteoietara doazenek erabil dezatela, eta tanatoriokoak zein Elexalde aldekoa nitxoetara doazenek. Ez dela jende pilaketarik sortzen ziurtatzeko, Udaltzaingoak zaintza egingo du kanposantuan igandean bertan zein bezperan.


Bestetik, Domu Santu egunaren harira azaroaren 2an kanposantuan egin ohi den meza aurten ez dela egingo jakinarazi du elizak.


Emandako gomendioak jarrituko dituztelakoan, Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei.