Igo
  • 2019/10/21

Herritarrek proposatutako zein proiektu bozkatuko diren ostegunean jakingo da

Aurrekontu parte hartzaileen prozesua hirugarren fasean sartuko da aste honetan. Bozkatzeko onartuak izan diren proposamenak ostegunean aurkeztuko dira jendaurrean, eta hurrengo astelehenean hasiko da horien artean aukeratzeko epea.


Ostegunean, 19:00etan aurkeztuko dira onartutako proposamenak Torrezabal kultur etxean, herritar guztiei zabalik egongo den batzarrean. Bozetara igaroko diren ekarpenen nondik norakoak azalduko dira bertan, eta atzera bota direnek izan dituzten prozedura arazoak. Halaber, prozesuak orain arte utzi dituen datuen berri ere emango da batzar ireki horretan.


Behin bozkatzeko proposamenak aurkeztuta, horien artean aukeratzeko momentua izango da. Herritarrek urriaren 28tik 30era bitartean eman ahalko dute botoa; hurrengo astelehenetik asteazkenera bitartean. Udalaren webgunea izango da horretarako bide nagusia; www.galdakao.eus orrian sartu, eta Parte hartu aurrekontuetan izeneko atalean bozkatzera deitzen ditu herritarrak udalak. Herriko hainbat gunetan jarriko diren hautetsontzietan ere eman ahalko da botoa, baina, dauden aukera kopuru handia dela eta, errazago izango da web bidez egitea.


Bozen emaitzak azaroaren 7an argitaratuko dira, eta hurrengo egunean aurkeztuko dira publikoki, udaletxean egingo den aurkezpen irekian. Horrela jakingo da herritarrek egindako proposamenen artean zein txertatuko den 2020ko aurrekontuetan.