Igo
  • 2021/03/01

Herriko ikastetxeei 68.000 euroko laguntza ematea erabaki du Udalak, aho batez

Galdaoko Udalak 68.142 euro banatuko ditu udalerriko ikastetxeetan, Covid-19ak areagotu dituen eskolen eta familien premiak asetzen laguntzeko eta euren azpiegiturak erabiltzean sortzen diren gastuak ordaintzeko. Udaleko talde guztiek elkarrekin landu eta aho batez hartutako erabakia da.

Asier Egiraun Hezkuntza zinegotziak azaldu du laguntzaren zergatia: "Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa daukate hezkuntza prozesuak aurrera eramateko baina Udalarekin lankidetzan aritzen dira prozesu horiek osatzeko egin beharreko lanetan. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko programetan, hezkidetzan aurrera pausoak emateko programetan, eskolan familiek dituzten baliabideen berdintasuna bilatzeko esku hartzeetan,  eta eraikuntzen eta materialen mantenu lanetan. Udalak arlo hauetan eskumena dauka eta askotan ez die ikastetxeei beharrezko babes ekonomikoa ematen. Ondorioz, ikastetxeek, hezkuntza prozesuetan aurrera egiteko dituzten baliabide ekonomikoekin aurre egin behar diote Udalak bere kargu hartu beharreko hainbat gasturi".

Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan, mantenua Eusko Jaurlaritzak hartzen du bere gain, baina ikastetxeek beraien aurrekontu barruan hartu behar dituzte herritarrek azpiegitura horien erabileraren ondorioz sortutako gastuak. Hau da, Udalak, herritarrekin batera egiten diren programa guztietarako beraien instalazioak uztea eskatzen die ikastetxeei, eta horrek, egunerokotasunerako aurreikusita duten aurrekontuan, zenbait gastu izugarri handitzea eragiten du: argindar gastuak, instalazioen mantenu gastuak eta kalefakzio gastuak, esaterako.

Gastu horiek konpentsatu behar direla uste du Udalak, eta diru laguntzak ematea erabaki du, oinarri hauek kontutan hartuta: Ikasle kopurua, ikasle bekadunen kopurua eta ohiko hezkuntza ordutegietatik kanpo euren instalazioek duten erabilera. Horren arabera, honako laguntza hauek eman zaizkie herriko ikastetxeei:

- Aperribai eskola: 6.120 euro

- Bengoetxe institutua: 7.450 euro

- Urreta eskola: 8.370 euro

- Gandasegi eskola: 8.255 euro

- Galdakao helduen ikastetxea: 5.846 euro

- Eguzkibegi ikastola: 8.500 euro

- Andra Mari Lanbide Heziketa: 6.742 euro

- Unkina eskola: 5.775 euro

- Elexalde institutua: 6.594 euro

- Galdakaoko Hostalaritza eskola: 4.490 euro

Hezkuntza zinegotzi eta EH Bilduko ordezkaria den Egiraunek azaldu duenez, bidean sakontzeko beharrean bat etorri dira Udaleko talde guztiak, eta beraz, eskola bakoitzera doazen ikasleen familien indize sozio-ekonomikoa ere hartuko da kontutan, hemendik aurrera, laguntzak ematerakoan. Proposamenaren inguruan talde politiko guztiek erakutsitako elkarlana eskertu du Egiraunek, udal gobernuaren izenean.

Gainontzeko taldeetako ordezkariak ere gustora azaldu dira lortutakoarekin; bai gobernua osatzen duten gainerako taldeetako ordezkariak, bai oposizioko taldeetako ordezkariak. Hona Egiraunen azalpenen ondoren egin dituzten adierazpenak:

"EAJ oso pozik dago elkarlanean egindako lana izan delako, eta gainera modu positiboan aritu garelako, alde guztiek ulertzen baitute hezkuntza liskar politikotik kanpo utzi behar dela. Gure haurrek hezkuntza ona izatea denok nahi dugu, eta horretarako garrantzitsua da ikastetxeek autonomia izatea. Uste dut udala osatzen dugun 21 kideek hasiera bezala ulertzen dugula hau, hobetu daitekeen zerbait bezala, eta, hobetu daitekeenez, horretarako moduari buruz hitz egiten jarraitzen dugu. Oso pozik gaude", esan du Koldo Goioaga EAJren ordezkariak.

"Udaleko talde politiko eta plataforma guztiek Covid garairako onartu ditugun laguntzak dira", azaldu du PSE-EEko Txema Larrazabalek. "Ikastetxeen arriskua minimizatzeko laguntzak dira, egokituz joan daitezkeenak. Seinaleztapenerako erabili dira, gel eta antzekoetarako, manparetarako, ekipamenduetarako. Udaletik eman nahi genuen beste laguntza bat da eta denok ados egon gara. Ezin zen bestela izan".

"Proposamena oso ondo hartu dute guztiek, bai gobernu taldeak eta bai oposizioak", esan du gobernukide den Jose Luis Bernal Podemoseko ordezkariak. "Pandemia une hauetan eman diren laguntzen barruan sartzen da hau ere; ikastetxeak ez ziren geratuko hainbat sektoreren artean banatu diren laguntza horiek gabe. Ekarpenak egiten jarraituko dugu, eta oposizioko taldeen babesa espero dugu, oraingo honetan bezala".

"Poza agertu nahi dut pandemiak eragindako beharrak arintzako neurri honetan erabateko adostasuna lortu dugulako", adierazi du gobernuko kide den Auzoak taldeko Mari Paz Losadak ere. "Talde guztiei adierazi nahi diet esker ona denon artean gai izan garelako beharrezko ekarpen horiek egiteko".