Igo
  • 2020/03/30

Herriko adinekoen zazpi egoitzetako egoerarekin kezkatuta, esku hartzeko eskatu dio udalak aldundiari

Adinekoentzako zazpi egoitza daude Galdakaoko udalerrian, guztiak pribatuak edo itunpekoak. Koronabirusaren aurrean kalteberenak pertsona nagusiak direla eta, egoitza horiekin guztiekin harremanetan jarri da Galdakaoko Udala, eta egoera kezkagarria ikusi du: laguntza eza, langile gabezia eta babes neurriak lortzeko zailtasunak dituztela ohartarazi diote egoitza guztietako ordezkariek udalari. Neurriak hartu beharra dagoela eta, Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo du udalak; Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuari gutuna bidali dio Iņigo Hernando alkateak, egoera larriaren aurrean esku har dezala eskatzeko. Zazpi egoitza horietako bakoitzari ere bidali die gutuna alkateak, bakoitzean dauden gaixo zein langile kopurua eta babes neurrien zein egoera zehatzen azalpena eskatuz. Udalak adinekoen egoitza horien kudeaketa bere eskumena ez dela badakien arren, herriko nagusi asko leku horietan daudela jakitun, horien osasun eta zaintza egokia bermatzeko bere eskuetan dagoen guztia egingo duela adierazi du alkateak.


Udalak jaso duen informazioaren arabera, honakoak dira egoiliarren eta langileen osasunean eragin handiena duten gabeziak: norbera babesteko ekipamenduak, Covid-19aren detekziorako test azkarrak, instalazioen desinfekzioa eta baja hartu beharra duten langileen ordezkapenak. Alor horiei begirako neurriak eta egoitza bakoitzeko langile zein egoiliarren egoerari buruzko datu eta informazio zehatzak ere eskatu dizkio udalak aldundiari.


Kritikoa izan daitekeen egoeraren aurrean esku har dezala eskatu, eta gure nagusien zein langileen osasuna babesteko ahal den guztian elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi dio Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Halaber, esker oneko mezua helarazi die egoitzetako langile guztiei, gure adinekoen alde erakusten ari diren dedikazio eta ahaleginagatik.