Igo
  • 2021/01/28

Herrian dagoen industria sarea mantendu, indartu eta sustatzeari begira lan egiteko konpromisoa hartu du Galdakaoko udalbatzak, aho batez

Hiru erabaki hartu ditu gaur Galdakaoko udalbatzak, urtarrileko saioan: hirigintzako aholkulari juridikoaren lanpostuaren bateragarritasuna ontzat eman du; herriko industria sarea mantendu, indartu eta sustatzeko adierazpen instituzionala onartu du; eta atzera bota du Galdakao eta Basauriko ertzain etxeak batzeko asmoa geldiarazteko eskatuz premiaz aurkeztutako mozioaren urgentzia.


Hirigintzako aholkulari juridikoak udaletxean duen lanpostu herena beste abokatu lan pribatuekin bateragarri egitea onartu du udalbatzak, gaiak liskarrak eragin dituen arren. Oposizioa osatzen duten EAJk, PSE-EEk eta atxiki gabeko zinegotziak bateragarritasun horren aurka egin dute, eta udal gobernuko kide diren EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek eskaera babestu dute. Hortaz, aldeko 12 botorekin eta aurkako 9 botorekin onartu da bateragarritasuna.


Herriko industria sarea mantendu, indartu eta sustatzeko konpromisoa, berriz, aho batez hartu du udalbatzak. 150 urteko historia duen Maxam lantegiaren zati bat ixteko aukera mahai gainean dagoen honetan, herriko negozioak mantentzeko bideak errazteko bitartekaritza lanak egiteko konpromisoa hartu du, akordioak sustatzekoa eta eskualdean enpresak egonkortzea bultzatzeko gainontzeko instituzioekin elkarlana egitekoa. PSE-EEk aurkeztutako Adierazpen Instituzionala aho batez onartu da.


Azken momentuan urgentziaz aurkeztutako mozioa, aldiz, ez da eztabaidatu. Udalbatzak ez du horren urgentziazko izaera onartu, eta beraz, ez du tramitean aurrera egin. Ertzaintzako sindikatuen eskariz Auzoak plataformak aurkeztutako mozioaren eztabaida da atzera bota dena. Galdakao eta Basauriko ertzain etxeek funtzionamendu bateratua izateko proposamenaren aurka egin nahi zuen mozioak, baina premiazko tramitazioa atzera bota dute EH Bilduren eta EAJren kontrako 12 botoek. Auzoak, Podemos eta Usansolo Herria plataformen eta atxiki gabeko zinegotziaren 7 botoek tramitatzearen alde egin dute, eta PSE-EEko 2 ordezkariek abstentzioa bozkatu dute.