Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Herria edertu, galdakozterren historia gogoratu, talde lana sustatu, eta herritarrak artista bihurtu ditu azken Enplegu Planeko muralisten programak

Enplegua   2022/06/17

Udalaren Enplegu Planetan urtarriletik lanean aritu diren 81 herritarrak ari dira dagozkien proiektuak amaitzen, eta herriko kaleetan agerikoa da sei hileotan egin duten lanaren emaitza. Oinarrizko pinturan, zurgintzan, igeltserotzan, enplegu berdean, iturgintzan, elektrizitatean eta muralak egiten aritu dira plan horien baitan. Muralista lanetan aritu diren herritarrek egindakoa da bistara ikusgarriena, eta lan horietako batean egin dute gaur agerraldia: Dinamitako emakume langileen omenez Gaztain kalean egindako margoaren aurrean.

“Herria ez da egiten bakarrik proiektu erraldoiekin, txikiagoek ere eragina dute herritarren egunerokotasunean”, adierazi du Iñigo Hernando alkateak, murala egin duten langileen ondoan; herri atseginagoa egiten laguntzen dute. Hain zuzen, duela bi urte eta erdi aurkeztutako Gobernu Planean herri atseginagoa egitea ardatz gisa ezarri zela azaldu du; herri atsegina, pertsonentzat eraikia, inklusiboa, lantokia ere badena, parte hartzailea, sortzailea eta feminista dira ardatz nagusietakoak. Eta ondoan zuen irudiak zein hori egiteko moduak, balore guzti horiek biltzen dituela adierazi du alkateak. Gainera, herriko historiari begiratu eta Dinamitako emakumeei erreferentzia egiteak balio erantsia eman diola uste du.

Jose Luis Bernal Enplegu zinegotziak ere “artista anonimo horiei” aitortza egin, euren lana eskertu, eta “herria hobetzeko gauza politak” egin daitezkeen adibidetzat jarri du obra. Herriko historiaren zati garrantzitsua izan ziren Dinamitako emakume langileei omen egitea ere goretsi du, eta Enplegu Planen arrakasta ikusita, bide beretik jarraitzeko asmoa adierazi du. Uztailean jarriko dira martxan hurrengo Enplegu Planak.

Gaztaroa-Sartu irabazi asmorik gabeko elkartea da enplegu programa horiek kudeatzen dituena, eta Karmele Artaraz zuzendaria izan da ekitaldian, Galdakaoko programaren arrakasta ikusarazten. Programa hauek bi helburu nagusi dituztela azaldu du: batetik, lana aurkitzeko zailtasuna duten pertsonei aukera bat ematea, eta bestetik, herria hobetzen laguntzea. Eta, bere esanetan, agerian dago helburu guztiak bete direla. Esperientziarik gabeko herritarrek egindako lana du horren erakusletzat: “Itzela da emaitza”.

‘Bada’ da artista berriei formakuntza eman eta haiekin elkarlanean aritzen dena eta harro dago programak ematen duenarekin: “Lan kolektiboa da eta jendeak prozesu guztian parte hartzen du; diseinuak ere kolektiboki egiten ditugu”. Dinamitako emakumeei eskainitako irudiari dagokionez, historiari heldu izanak eta hori emakumeen ikuspegitik egin izanak bereziki poztu du. 

Hain zuzen, lan horren diseinua Jessica, Iratxe eta Desairerena da; Enplegu Planean aritu diren hiru emakume galdakoztar horiena. Badaren laguntzarekin egin zuten diseinua, eta, murala bera ere egin dute; are, bakoitzak emakume baten irudia marraztu du, esaterako. Agerraldian egon ezin izan duten beste bi kideekin egin dute irudia, sei hilabeteotan ondu dituzten beste hiru muralak bezala. 

“Esperientzia errepikaezina da, eskerrik asko aukeragatik”, adierazi diete pozarren sustatzaile guztiei pozarren; “asko ikasi dugu, dena, eta talde ederra osatu dugu; eskerrik asko”. 

Aurrerantzean ere etorriko dira antzeko egitasmo gehiago.