Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Herri autobusa jartzeko lehen pausoa eman du udalbatzarrak

Beste batzuk   2022/07/28

Udaldiaren aurreko azken osoko bilkuran hainbat eztabaidagai izan dira. Gorozibain energia fotovoltaikoa ekoiztera bideratuko diren lurren erosketari buruzkoak, herri autobusaren ingurukoak eta 1.300.000 euroko diru laguntzari bide emateko aurrekontu moldaketari buruzkoak eragin dute eztabaida gehiena.

Honakoak dira Galdakaoko uztaileko osoko bilkuran hartu diren erabakiak:

  •  Gorozibain 93.000 metro koadro energia berriztagarrien ekoizpenerako erosteko erabakiaren aurka Miguel Angel Martin atxiki gabeko zinegotziak aurkeztutako alegazioak atzera bota ditu udalbatzak, eta ondorioz, behin betiko onartuta geratu da lur horiek eskuratzeko hitzarmena. Atxiki gabeko zinegotziak soilik babestu ditu berak aurkeztutako alegazioak. EAJko 5 zinegotziak abstenitu egin dira eta gainontzeko 13 ordezkariek alegazioen aurka bozkatu dute (udal gobernua osatzen duten EH Bilduko 5, Auzoakeko 3, Usansolo Herriako 2 eta Podemoseko 1, eta oposizioan dagoen PSE-EEko 2).
  • Udalerriko auzo eta guneak lotuko dituen herri autobusa sortu ahal izateko ordenantza onartu da. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria, Podemos eta PSE-EEko ordezkarien 13 botoekin onartu da ordenantza, eta EAJren 5 ordezkarien zein atxiki gabekoaren abstentzioekin.
  • Kirol instalazioetako zerbitzuen kontratua Guedan enpresari esleitzea onartu da, lizitazio prozesuan erabaki bezala. Kontratu berriak hobekuntzak ekarriko ditu zerbitzuan eta genero zein hizkuntza klausulak izango ditu. Aho batez onartu da.
  • Iruzurraren aurkako neurrien plana onartu da, Next Generation dirulaguntzak jaso ahal izateko. Aho batez onartu da.
  • Aurrekontu moldaketa bat onartu da, 1.300.000 eurokoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren Aparteko Funtsetik jasotako diru sarrera horri bide emateko egin da moldaketa. Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen aldeko botoekin eta EAJ, PSE-EE eta atxiki gabeko zinegotziaren abstentzioekin onartu da proposamena. Egitasmo hauetara bideratuko da dirua:

    - Elexaldeko instalazioetako kirol makinetarako (zinta eliptikoak eta beste): 18.000 euro.
    - Kultur egoitzetan sarraila elektronikoak jartzeko (Gaztegunean eta Txapelenan, adibidez): 50.000 euro. Horrek erraztu egingo du etorkizunean udal eraikinen erabilera zabaltzea herriko elkarte edota herritarrei.
    - Aperribaiko auzo etxerako aisialdi ekipamenduetarako: 36.000 euro.
    - Zerbitzu orokorren birtualizazio eta wifia hobetzeko: 58.115 euro.
    -  Emakumeen Etxearen proiekturako: 30.000 euro.
    - Sollube, Bilbo eta Muguru kaleak urbanizatu eta irisgarriago egiteko: 1.107.885 euro.
     
  • Zerga Agentziari Konfederazio Hidrografikoaren tasa gisa ordaindu beharrekoan 2018tik pilatu den 25.264 euroko zorra ordaintzea onartu da, aho batez.