Igo
  • 2018/11/23

Hemen da Euskaraldia!

Heldu da, hemen da Euskaraldia, euskaltzaleak aktibatu, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera zabaltzeko 11 eguneko ekimena. Azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an, Euskararen egunean, amaituko da Euskaraldia. Hainbat ekitaldi atondu ditu Euskaraldiko batzordeak Belarriprest, Ahobizi eta galdakoztar guzti-guztientzat.


Euskaraldia azaroaren 23an abiatuko da, barikuan, baina Galdakaon hilaren 16tik aurrera hasiko ditugu Euskaraldiaren inguruko kontzertu, kalejira, ibilaldi, ipuin-kontalari, tailer, kirol erakustaldiak eta gainerako ekitaldiak. Ume, gazte zein helduentzako, adin eta gustu guztietako galdakoztarrentzako egitarau bete-betea prestatu dugu.


Euskaraldiaren hasiera eguna, azaroaren 23a, Iturrondo plazan ospatuko dugu, 17:00etatik aurrera: umeentzako tailerrak, txokolatada, trikipoteoa, esaera zaharren lehiaketa, kontzertuak... denetariko egitaraua izango da.


Belarriprest eta Ahobizi txapen banaketa


Dagoeneko, izena eman duzuen guztiek zain dituzue zuen Belarriprest eta Ahobizi txapak. Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian eta Euskaraldiko batzordeak antolatutako ekitaldietan eskuratu ahal izango dituzue zuen txapak egunotan.


Ez duzula eman izenik oraindino? Lasai, izen-ematea zabalik dago, sasoiz zabiltza Belarriprest edo Ahobizi izateko. Bide bi dituzu izena emateko: bata, internet bidez, Euskaraldiaren webgunean; eta, bestea, Euskaraldia dela eta egunotan Galdakaon antolatu diren hainbat ekitalditan topatuko dituzun mahaietan.


Zer da Euskaraldia?


Baliteke, han eta hemen Euskaraldia berba entzun arren, oraindino zehatz zer den ez jakitea. Ba, makina bat elkarte eta herriren babesa lortu duen ekimena da Euskaraldia. 11 egunean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz jardutea proposatzen du Euskaraldiak. Euskaraz pentsatzen duguna baino gehiago komunika gaitezkela erakutsi gura dugu.


Euskaraldian parte hartzeko rol bi sortu dira: Ahobizi (euskaraz badakizu, eta egiteko prest zaude) edo Belarriprest (euskaraz ondo konpondu ez arren, euskaraz entzuteko prest zaude). Roletako bat aukeratu eta izena ematea, hori da eskatzen dena, eta, jakina, 11 egunetan Euskaraldia praktikatzea.


Anima zaitez, eta erdu Euskaraldira!


PROGRAMA


Informazio gehiago:


www.euskaraldia.eus


galdakao@euskaraldia.eus