Igo
  • 2022/05/26

Hautetsien curriculumak publiko egin ditu Udalak, gardentasunean sakontzeko

Gardentasunerako bidean aurrera egiteko, beste pauso bat eman du Galdakaoko Udalak: hautetsien curriculumak publiko egin ditu. Zinegotzi guztiak gonbidatu ditu bere datu kurrikularrak herritarren esku jartzera, eta hala nahi izan duten guztienak argitaratu ditu gardentasun atarian. 

Sei atal ditu zinegotzi bakoitzaren fitxak: kargua, talde politikoa, ikasketak, ibilbide profesionala, hizkuntzak eta ordaindutako dedikazioa. Azken atal horretan, hautetsi bakoitzak Udaleko karguagatik soldatarik jasotzen duen zehazten da, eta, hala bada, zenbateko dedikazioa duen ordainduta eta urtean zenbateko soldata jasotzen duen.

Udaleko hautetsi guztiak gonbidatu dira gardentasunerako ekimenean parte hartzera, eta 21etik 14k helarazi dituzte bere datuak: Iñigo Hernando alkateak eta Maite Arandia, Nerea Orozko, Asier Egiraun, Edurne Espilla eta Amets Iturbe EH Bilduren ordezkariek, Maripaz Losada, Olaia Parra eta Javier Ibarretxe Auzoak-ekoek, Agustin Aizpuru eta Iñaki Urgoiti Usansolo Herria taldekoek, eta Jose Luis Bernal Podemosekoak. Udal gobernua osatzen dute horiek guztiek. Oposizioan daudenen artetik, PSE-EEko Txema Larrazabalek eta Victor Trimiñok jarri dute ikusgai bere curriculuma. Gainontzekoek ez dituzte bere datuak helarazi nahi izan.

Udal honek aurrez ere emanak ditu beste hainbat pauso gardentasuna areagotzeko helburuz; garrantzitsuena Gardentasunaren ordenantza onartu izana. Horrez gain, alkatearekin zein zinegotzi guztiekin aurrez aurre egoteko aukera jarri du Udalak bere webgunean. Hautetsi bakoitzak ezarria du herritarrak hartzeko ordutegia, eta, udal gobernuko kideen kasuan, hitzordua webgune beretik eskatzeko aukera dago (www.galdakao.eus webgunean, ‘Udala’ atalean sartuta). Alkatearen agenda instituzionala ere ikusgai dago webgune berean. 

Bestalde, Galdakaoko Udala gardentasun ataria berritzeko lanak egiten ari da, erabiltzeko errazagoa izan dadin eta informazioa formatu eskaragarriagoetan eskaini dadin. Udalaren webgunea ere modu argiagoan antolatzeko lanean ari da, ulerterrazagoa izan dadin. 

▶️ Hemen ikus daitezke curriculumak