Igo
  • 2020/11/27

Haurreskolaren kokapena datozen asteetan erabakiko da: bost aukera daude mahai gainean

Haurreskolan dagoen leku faltari luzera begirako irtenbide integral bat emango ziola iragarri zuen Galdakaoko Udalak eta horretarako aukerak aztertzen eta eragileekin iritziak partekatzen aritu da azken hilabeteetan. Orain, aukerak mahai gaineratu eta erabakitzeko momentua iritsi da: datorren astean proiektu konkretuak publikoki aurkeztuko ditu udalak batzar ireki batean, eta astebete beranduago egingo den saioan zein bide hartu eta horretarako zein pauso eman adostuko da. Izan ere, herritarren, eta bereziki auziak zuzenean eragiten dien kolektiboen iritziak kontutan hartuta erabakiko da zein aterabide eman arazoari.


Bost aukera daude mahai gainean: egungo egoeran jarraitzea, Olabarrietako Katamar haurreskola bultzatzea, Lehendakari Agirre plazako haurreskola handitzea, multikirol kantxa dagoen lekuan eraikin berria egitea, eta Lapurdi plaza estali eta bertan haurreskolarako eraikin berria eraikitzea.


Aukera guzti horien azterketa zehatza egina du udalak, bakoitzaren kostua eta egikaritze denbora barne. Beharrak eta aukera bakoitzaren onura eta kalteak aztertuta, irtenbiderik egokiena zein den aurki zehaztuta egongo da, eta jarraian hasiko da aukeratutako proiektua gauzatzeko lanean.


Haurreskolako irakasle zein gurasoak eta Lehendakari Agirre plazako auzokide, dendari eta ostalariak bereziki gonbidatuta daude batzarrera, baina baita interesa duten herritar guztiak ere. Lehen saioa asteazkenean izango da, abenduaren 2an, eta bigarrena abenduaren 10ean, ostegunarekin. Streaming bidez ere zabalduko da batzarra, proiektu bakoitzaren inguruko zehaztapen eta azalpen guztiak nahi duten herritar guztiek izan ditzaten.


Udalak urte hasieran herritarren aurrean hartu zuen konpromisoa betetzen ari dela erakusten duen beste urrats bat da honakoa. Legealdi osoan gobernu plana ipar orratz izango zela zehaztu zuen, eta lan horretan ari da egunerokoan. Gobernu planak jasotzen dituen 100 proiektuetatik 35.ak honakoa dio: "Haurreskolako plazak handitu". 67. egitasmoaren izenburua, berriz, hau da: "herritarron parte hartzea udal politikaren ardatz".


Honakoak dira bi saioetarako hitzorduak:


👉 Abenduak 2, asteazkena, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan: aurkezpen saioa.


👉 Abenduak 10, osteguna, 18:30ean,udaletxeko pleno aretoan: deliberazio saioa.


🔴 Saioak streaming bidez jarraitzeko: www.galdakao.eus/zuzenean.


Atxikitako dokumentuan dituzue bost proiektuetako bakoitzaren inguruko hainbat datu eta informazio, asteazkeneko saioan zehaztasunez azalduko direnak.


Haurreskola-Aurkezpena-Galdakao.pdf