Igo
  • 2021/07/22

Haurreskola ondoko gunea atonduta, Zuberoa kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dira datorren astean

Belarra hazteko zain, haurreskolaren inguruko hobekuntza lanak amaitu dira Lehendakari Agirre plazan. Sixta Barrenetxea kaleko asfaltatze lanak ere amaitzen ari dira, eta Zuberoa kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak asteartean hasiko dira.

Haurreskolaren arazoari irtenbidea nola eman erabaki ondoren heldu zitzaion Lehendakari Agirre plazako gune hori txukuntzeko premiari. Haurreskolak dituen arazoei irtenbidea emateko aukeren artean, egungo eraikina handitzea proposatuta zegoen, eta aukera hori lehenetsi izan balitz orain atondu den gunean egingo litzateke handitzea. Horren ordez Lapurdi inguruan beste haurreskola egokiago bat eraikitzea erabaki zen, ordea, bertako hezitzaileen parte hartzearekin garatu zen prozesuan. Beraz, hondatutako eremu horretan ez zela eraikina luzatzeko lanik egingo erabaki zenean hasi ziren prestatzen ingurua konpontzeko lanak. Orain, txukunduta dago gunea; belarra haztea besterik ez da falta.

Honako jarduerak egin ditu Udalak gune honetan, besteak beste:

✅ Lehendik zegoen horma hormigoizko blokeetan moztea.

✅ Parterraren ordez, baldosak jarri dira haurreskolaren goiko aldean, estalkia espaloiarekin lotzeko.

✅ Eskaileretan eskudela jarri da errazago jaisteko.

✅ Azken ukituak eman zaizkio haurreskolaren eraikinarekiko loturari.

Bestetik, Sixta Barrenetxea kalea asfaltatzeko lanak amaitzear daude. Bengoetxe BHI prestakuntza zentrotik biribilguneraino doan tartea asfaltatu da, eta zebrabideren bat eta beste markaren bat margotzea besterik ez da falta lanak amaitzeko. Oinezkoentzako pasabideak sortu eta egokituta, Bengoetxeko biribilgunea murrizteko lanak ere amaitzen ari dira.

Beste lan batzuk ere hasi dira datorren astean: Zuberoa kaleko irisgarritasuna hobetzeko lanak. Besteak beste, espaloia handituko da, baldosa podotaktila duen oinezkoentzako pasabidea jarriko da itsuen edo ikusmen urritasuna duten pertsonen irisgarritasuna errazteko, eta kale osoko espaloien zintarriak berrituko dira.

Astelehenean hesitu egingo da Zuberoa kalea eta autoek ezingo dute bertan aparkatu, asteartean hasiko baitira lanak.

Jarduera hau Galdakao hobetzeko gobernu programan zehaztu diren 100 neurrietan jasota dago, "Kale irisgarriak" izenburua daraman 9. neurrian, alegia.