Igo
  • 2021/04/26

Haurren Hirien Sarera batuko da Galdakaoko Udala, herria denen neurrira egokitu dadin

"Mundua haur baten altueratik ikusten dugunean ez dugu inor begien bistatik galtzen" esaldiak ezin hobeto adierazten du gure komunitatea eraikitzeko orduan haurren parte-hartzea sustatzeko bideak ireki beharra dagoela. Horixe da, hain zuzen ere, Euskadiko Haurren Hirien Sarearen helburua. Ekimen hau hiria haurraren parametrotik eraldatzeko helburua duen Francesco Tonucciren La citta dei bambini (Haurren Hiria) izeneko proiektuari lotuta dago.


Haurren Hirien Sarea Europako Batzordeak Guide to Social Innovation aurkezteko Bilbon egin zuen bileraren ondoren sortu zen. 2016ko otsailean, Euskal Autonomia Erkidegoko hamabi udal Innobasquen biltzen hasi ziren, Franccesco Tonucci psikopedagogo italiarraren ideietan oinarritutako ezagutza ildoei jarraitu eta esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko asmoz. Tonucci Haurren Hiria proiektuaren sustatzailea da nazioartean.


Gaur egun 17 udal dira Haurren Hirien Sarea osatzen dutenak. Udal hauek bi hilean behin biltzen dira, Innobasqueren koordinaziopean, proiektuak eta jakintza partekatzeko.


Galdakaoko Udalak herritarren parte hartzea ekintza politikoaren erdigunean jartzeko aitortu duen konpromisoari erantzuteko asmoz, begirada haurrei zuzendu eta "Mundua haur baten altueratik ikusten dugunean ez dugu inor begien bistatik galtzen" esaldia bere egiten du. Hori dela eta, udalbatzak onetsi egingo du asteon Haurren Hirien Sareko kidea izatea, atxikimendua onartuz.


Aipatutako Haurren Hirien Sareko kide izateak Galdakaoko Udala eta komunitateari honako onurak ekarriko dizkio: proiektuak diseinatzen eta egokitzen laguntzeko eta tutorizatzeko zerbitzua, topaketak atxikitako udalerrietako teknikariekin eta politikariekin, urteko jardunaldietan parte hartu eta esperientziak zabaltzeko aukera, prestakuntza eta konexioa La Citta Dei Bambini izeneko nazioarteko sarearekin.


Honen guztiaren truke, Galdakaoko Udalak honako konpromisoak hartuko ditu Sarearen eta herritarren aurrean: haurren parte hartzearekin, haurren autonomiarekin edo haurren jolasarekin lotutako proiekturen bat abiaraztea, Sarearen topaketa teknikoetan eta koordinaziorakoetan parte hartzea, eta eskarmentu eta ezagutza gainerako udalerriekin partekatzea.


Ostegunean onartuko da atxikimendua, apirileko osoko bilkuran.