Igo
  • 2021/01/14

Harrigarria da lurralde kohesioa eta garraio publikoa indartuko lukeen metroaren proiektua Europako fondoen menpe uztea

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroa Galdakaora eramango lukeen proiektuari buruz egin dituzten adierazpenak harrigarriak dira Galdakaoko Udalaren ustez; beste desengainu bat. Argi adierazi du Iņigo Hernando Galdakaoko alkateak: "Sinesgaitza da gizarte kohesioa eta garraio publikoa sustatu beharrean Galdakaorako metroaren proiektua Europaren menpe geratzea, are gehiago Supersurraren handitzea eta Lamiakoko urazpiko tunela bezalako proiektuek aurrera egiten dutela ikustean".

Kontutan hartu behar da bi proiektu horiek ibilgailu pribatua sustatzen dutela; autoei begirako azpiegitura erraldoiak direla, eta hala ere horiek lehenetsi eta gauzatzea erabaki dutela Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, dirua horietara bideratzea. Bien bitartean, 50.000 bizkaitarri baino gehiagori zerbitzu publikoa emango liekeen garraio publikoa bazterrean utzi dute, kanpoko diru iturrien menpe. Jasangarritasunaren aldeko hautua egin dezaten dei egiten die Udalak Jaurlaritzari eta Aldundiari.

Lurralde kohesioan aurrera egiteko aukera galtzen uzten ari dela ere ohartarazi du Udalak. Metroaren proiektuak auzoetan geltokiak derrigor izan behar dituela argi du Udalak; horrela emango luke benetan zerbitzua, kanpoaldean dauden auzoentzako lotura garrantzitsua izango litzatekeelako. Baina ez hori bakarrik: Arratiarako lotura garrantzitsua litzateke, eta Galdakao-Usansoloko Ospitala irisgarri egiteko modua. Ez da huskeria, bizkaitarren herenari ematen baitie zerbitzua ospital horrek: Iparraldetik, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeak hartzen ditu, eta, Arratia eta Durangaldea zeharkatu, eta Gorbeialderaino iristen da, barnean hartuta Arabako Aiaraldea. Guztira, 313.0000 biztanleri ematen die zerbitzua. Hala ere, Bizkai osoan metroaren zerbitzurik ez duen ospitale handi bakarra da Udansolokoa: Basurtu, Gurutzeta eta Urdulizkoek bertan dute metroa; Usansolokoak ez.

Hori guzti hori kontuan izanda, hartutako bideari buruz hausnartu, norabidez aldatu, eta lurralde kohesioaren, garraio publikoaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko deia egiten du Udalak, inolako aitzakia barik.