Igo
  • 2022/03/23

Gustura bizi dira herritarrak Galdakaon: 7,8ko puntuazioa eman diote asebetetze mailan

Aztiker Soziologia Ikerguneak inkesta egin du Galdakaoko Udalaren eskariz, herritarren asebetetze maila ezagutu eta sentitzen dituzten behar nagusien berri izateko. Ona da galdakoztarrek udalerriari buruz duten irudia eta Udalaren kudeaketa ere ondo baloratu dute: %70ek baino gehiagok erantzun dute Udal gobernua arazoak konpontzen ari dela edo badakiela nola konpondu baina denbora gehiago behar duela. 

Legegintzaldi erdiko balorazio kuantitatiboa egiteko, Galdakaoko udalerrian bizi diren 18 urtetik gorako 400 herritarrei galdetu zien Aztikerrek 2022ko urtarrilaren 24a eta otsailaren 4a bitartean. Lagina ahalik eta fidelena izan zedin, adina eta sexuaren araberako kuotak erabili dira, telefono bidez egin diren galderetan. Laginak %95,5eko konfiantza maila du, eta ia %5eko akats tartea.

Herritarrek, bizi diren udalerriarekiko duten asebetetze maila handia dela erakutsi du azterketak, batez beste 7,8ko emaitza eman baitiote. Gainera, inkestatuen erdia baino gehiagoren asebetetze maila 7 eta 8ren artean dago (%56,3). Udalak legegintzaldi honetan egindako lana ere ondo hartu dute herritarrek: 6,8ko balorazioa eman diote. 

Hobetzeko alorrei dagokionez, arazo garrantzitsuena garraio publikoa eta mugikortasuna direla esan dute herritarren %31,7k, aparkaleku falta aipatu dute inkestatuen %22,4k, eta %9,7k, azpiegitura publikoak. 

Udala egiten ari den lana ondo baloratu dute gehien gehienek, eta aurrerantzean ere beharrak kudeatzeko egokitzat jo dute: arazoak konpontzen ari dela esan dutenek eta denbora gehiago behar duela erantzun dutenek %71,4ko multzoa osatzen dute. Zehazki, “Badaki nola konpondu Galdakaoko arazoak, baina denbora gehiago behar du”, erantzun dute inkestatuen erdiak baino gehiagok (%57,5); beste %13,9k erantzun dutenez, “Galdakaoko arazoak konpontzen ari da”. 

Azterketa osoa ezagutu nahi duenak Udalaren webguneko Gardentasun atarian du eskuragarri.