Igo
  • 2021/05/07

Gudarien kuartela izan zen eskola, kartzela bihurtutako txaleta eta bonben aurkako babeslekua, memoria historikoaren hiri ibilbidean

Aurrera begiratzeko atzekoa presente izan behar dela eta, memoria historikoa berreskuratu, gogoratu eta balioan jartzeko apustua egina du Galdakaoko Udalak. Hala jasoa du Gobernu Planaren 88. puntuan ere. Hainbat proiektu ditu martxan bide horretan, eta horietako bat aurkeztu du gaur: memoria historikoaren hiri ibilbidea. 1936ko Gerran oso esanguratsuak izan ziren bost gunetan plaka bana jarrita osatu du ibilibidea, nork bere kasa egin dezan. Plaka horietan, gune horietako bakoitza izan zenaren ezaugarri nagusiak biltzen dira, herritarrek bere herriko historiaren berri izan dezaten.

Kontuan izan behar da Galdakao, bere kokapen eta industriagatik, 1936ko Gerraren hasieratik gune estrategikoa izan zela ikuspuntu militarretik. Izan ere, Burdin Hesia gisara ezagutzen den Bilboko defentsa sistemaren parte zen. Gotorleku lerro hura 80 kilometrotik gorakoa zen. Bilbo eta ingurua tropa kolpisten aurrean defenditzeko eraiki zen, Euzko Jaurlaritzak 1936ko urrian aginduta.

1937ko martxoaren 31n Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zen, eta Gipuzkoako mugetan frontea hautsi ondoren, apirilean, euskal armada Dibisiotan berrantolatu zen. Antolaketa horrek erakusten du Galdakaoren garrantzia, 2. Dibisioko aginte postua Galdakaon kokatu baitzen, Joaquin Vidal Munarriz koronelaren agindupean.

Gerrak herrian utzi zituenak ahaztu ez daitezen Galdakaoko Udala egiten ari den lanketaren barruan, memoria historikoaren hiri ibilbidea aurkeztu du gaur. Oraingoz bost geraleku ditu aurrerantzean handituz joango den panelen ibilbideak:

1.- ANVren aginte postua: Erdigunean, Kurtzeko plazan egon zen ANVren 2. dibisioaren aginte postua. 1937ko apirilean ezarri zen postu hori Galdakaon, euskal armada dibisioetan berrantolatu zenean. Historialarien esanetan Leon Asuaren eta Ellakuriaren etxeetan egon zen egoitza nagusi hori seguraski, eta Joaquin Vidal Munarriz koronel nafarra izan zen dibisioaren burua. Bizkaiaren defentsaren arduraduna izan zen Vidal.

George L. Steer gerra korrespontsal britainiarrak "Gernikako arbola" lanean kontatzen du Vidal bere Galdakaoko txaletean bisitatu zuela eta Montaud koronelarekin elkarrizketatu zela bertan. Garai hartan Estatu Nagusiko burua zen Montaud.

Agirre Lehendakaria ere Vidalekin Galdakaoko txaletean elkarrizketatu zela dokumentatuta dago. Francisco Gorritxo 4. Euskal Brigadako buruak hala dio bere memorietan.

2.- Gandasegiko kuartela. 1937ko apiriletik aurrera Gandasegiko eskola kuartel gisa erabili zen. Bertan ezarri zen EAE-ANVren 4. Batailoia, Azkatasuna izenekoa. Euzko Gudarosteko ingeniarien 8. Batailoi gisa ere ezagutu zen.

Zapatzaileen batailoia zen, eta horien funtzio nagusia gotortze lanak egitea zen: fronteko lubakiak gotortzeaz arduratzen ziren eta alanbre hesiak ipini, zubiak eraiki eta bideak egin edo garbitzen zituzten, esaterako. Lehen borroka lerroetan lan asko egin zituzten, besteak beste Zugaztietan, Lemoatxan, Urkulu mendian eta Gaztelumendin.

3.- Inuntziaga txaleteko kartzela. Tropa nazionalek 1937 ko ekainaren 15ean hartu zuten Galdakao. Gaur egungo Iturrondo plazaren eta Juan Bautista Uriarte kaleen arten kokatzen zen Inuntziaga txaleta behin behineko kartzela gisa erabili zuten. Bertan izaten zituzten preso errepublikarrak, eta hortik beste kartzela batzuetara eramaten zituzten gero. Horietako asko fusilatuta hil zituzten.

Irailaren 7an hainbat galdakoztar fusilatu zituztela diote agiriek: Angel Arostegui Bilbao, Jose Luis Zabala Bilbao, Santiago Celaya Sagardui 1937ko irailaren 7an, eta bi egun beranduago Valentin Mandaluniz. Honako hauek ere fusilatu zituzten: Pedro Abadia Barrutia eta Juan Uriarte Santa Cruz Truzios herrian, Andres Hormaeche Eguiluz eta Dei Eguileor Arostegi Derion, Pedro Asua Zubiaur Jakan eta Restituto Gomez Rios Santoņan.

Behin-behineko kartzela izateaz gain, tropa nazionalek Aginte postu bezala ere erabili zuten txaleta. Bizkaiaren kontrako ofentsibaren arduraduna zen Nafarroako I. Brigadaren buruak, Rafael Garcia Valiņo teniente koronelak, Inuntziaga txaletean ezarri zuen bere Aginte-postua Bilbo hartu arte.

4.- Plazakoetxeko tragedia. Galdakaok jasotako aire bonbardaketarik odoltsuena 1937ko maiatzaren 19an izan zen. Plazakoetxen kokatzen zen babeslekuaren aho baten jo zuen bonba batek, eta 16 pertsona hil zituen, guztiak emakumeak eta umeak.

Xabier Irujo adituaren arabera, Galdakaok 28 aire bonbardaketa jasan zituen guztira. 1937ko maiatzaren 19koa izan zen odoltsuena, baina urte berdineko apirilaren 9 eta 24ko bonbardaketek ere hildako, zauritu eta kalte ugari eragin zituen.

5.- Bonbardaketei aurre egiteko babeslekuak: Tximiolarreko babeslekua izan zeneko sarrera konpondu eta berreskuratzeko lanetan ari da Galdakaoko Udala eta bertan jarri du hiri ibilbiderako azalpen plaketako bat. Orduko Galdakaoko Udalak bonba bidezko erasoengandik gordetzeko hainbat babesleku eraiki zituen herrian zehar 1937an eta herritarrak bertan ezkutatzen ziren sirena hotsek abiazioa zetorrela abisu ematen zutenean. Panelean azaltzen da Tximiolarre zein Kurtzean 1.500 pertsonentzako lekua izango luketen babeslekuen proposamenaren nolakotasuna, Zugatzu, Bengoetxe eta Kurtzean 300 pertsona jasotzea aurreikusten zuena, edo 400 lagunentzako lekua zuten Bengoetxe, Labeaga eta Usansolokoak.

Babeslekuek, halere, ez zuten saihestu hainbat pertsonek bizitza galtzea Galdakaoren kontrako bonbardaketetan. Bonbardaketek 40 pertsona inguru hil zituzten Galdakaon, gehienak bertoko bizilagunak.

Ander Aperribai historialariak eman ditu gune horietako bakoitzari buruzko azalpenak, eta Iņigo Hernando alkateak memoria historikoa berreskuratzeko Udalak egin duen apustuaren berri eman du. Batetik, bost gune horiek biltzen dituen mapa interaktiboa martxan jarri dela azaldu du. Udalaren webgunean horretarako espresuki sortutako bannerran dago ikusgarri, eta, herri barneko ibilbideaz gain, Burdin Hesian zehar dauden ibilbideen berri ere ematen du. Altamira inguruko bidea aurrez seinaleztatua dago, eta Bekea eta Bekelarre auzoetatik igarotzen dena aurki markatuko da. Hori ere jasoa dago mapan.

Horrez gain, lurpean ezkutatuta jarraitzen duten galdakoztar gudari zein milizianoen gorpuzkiak desobiratzeko asmoaren berri ere eman du alkateak, eta maiatzaren 19an, Galdakao bonbardatu zuteneko urteurrenean, omenaldia egingo zaiela hildakoen senideei. Egun horretarako amaituko dira Tximiolarreko babeslekuko lanak, eta senideekin egingo da lehen ikustaldia, bisita gidatu gisara.

Ekainaren 15ean, faxistak Galdakaon sartu zireneko urteurrena ere gogoratuko da, eta data horren aurreko zein ondorengo asteburuetan bisita gidatuak egingo dira, Galdakao Gogoraren eskutik, bai herri barruko ibilbidean bai Burdin Hesian. Herriguneko ibilbidea plaka gehiagorekin osatzea ere aurreikusita dago.

Hain zuzen, Galdakao Gogorarekin elkarlanean ari da Udala memoria berreskuratzeko lanean, eta, orain ez ezik, orain arteko urte guztietan egindako lana eskertu die alkateak. Ibilbidearen aurkezpenean parte hartu dute bertako hiru ordezkarik, eta baita plakak ordaintzen lagundu duen Gogora Institutuko ordezkari Ruth Cancelok eta gerran hil zituzten biktimetako biren senideek: Begoņa Larreak eta Agurtzane Yurrebasok.

Memoria historikoaren hiri ibilbideko panelak