Igo
  • 2021/01/07

Gorosibain hondakindegi bihurtua zegoen lursailean garbiketa lanetan hasi dira, eremua berreskuratzeari begira

Gorosibain, Maderas Basaņez enpresarenak ziren lur eremu eta eraikinek urteak daramatzate erabat utzita, etengabeko gainbeheran, legez kanpoko hondakindegi bihurtzeraino. Lur eremu handia da, mendialdean dagoena, eta erortzen ari diren eraikin eta nabe handi ugari dituena. Degradatze hori dela eta, gune arriskutsu bihurtu da. Egoera horren aurrean zerbait egin beharra zegoen, eta Udalak, erosketa sustatuta, garbitze, eraiste eta deskontaminatze lanak egitea lortu du. Lan horiek hasi dira jada.


Lur eremu pribatua da. Maderas Basaņez enpresa zegoen bertan, baina gainbeheran hasi, eta duela hamar bat urte kiebra jo zuen. Dagokion administratzaileak eremua saltzeko beharra adierazia zuen, sortutako zorrak ordaintze aldera. Baina urteak joan urteak etorri eroslerik ez zen agertzen eta subastarik ere ez zen antolatzen. Linboan, inoren ardurarik gabe geratu ziren lurrak. Urte horietan guztietan zikinkeria eta hondakinak pilatzen joan dira, zabortegi bihurtu da, eta eraikinak erortzen ari dira.


Gorosibaiko auzokideek ingurunea garbitu eta erabilgarri jartzea eskatu dute behin eta berriro, eta horretarako lanean aritu da Galdakaoko Udala azken hilabeteetan. Epaileari eta administradoreari eremua subastara atera dezala eskatzeko tramiteak egin ditu, jabe berriak ingurua txukundu dezan. Eroslerik egongo ez balitz, udalak berak subastan parte hartzeko aukera ere mahai gainean jarri du.


Mugimendu horiei esker, erosle batek beregain hartu du lurraren ardura eta Udalak lehen baldintzak jarri dizkio jabe berriari: erortzear dauden eraikin industrialak bota ditzala, inork hondakin gehiago eraman ez dezan eremua itxi dezala, eta lurra behar bezala garbitu dezala. Oso litekeena da lurra kutsatuta egotea; hala deklaratuta dago Ingurumen Sailaren agirietan, eta beraz, balizko kutsatze horiek kentzeko proiektua aurkez dezala eskatu dio udalak enpresari. Jabeak bazuen eremuaren egoeraren berri, eta baldintza horiek ezagutzen zituen aurrez.


Eskaerak aintzat hartuta, beharrezko baimenak eskatu ditu jabeak, eta baditu dagoeneko eraikinak eraisteko eta garbiketa egiteko baimenak. Lurrak hesituta daude inor sar ez dadin, eta lanekin hasi da enpresa.


Orain, lursailari bizi berri bat emateko aukera martxan dago.


Gunea industrial gisa izendatua dago, naturari eragin txikia sortzeko industriara mugatuta. Zehaztapen horrek azterketa eta ingurumen proiektua derrigorrez eskatzen du, eta udalak jarraipen zorrotza egingo du naturari zein inguruneari eragin erasokorrik ez zaiola egingo ziurtatzeko. Enpresak etorkizunean aurkez ditzakeen proiektuentzako baimenak, baldintza horiek zorrotz betetzen badira soilik emango ditu Galdakaoko Udalak.


Bien bitartean, urtetako utzikeriaren eraginez handituz joan den arazoari irtenbidea hilabete gutxian eman dio Udal honek. Lan eraginkorrari esker, hamarkada batean baino gehiagoan pilatu den arriskua ezabatzeko eta eremua garbitzeko lanak hasi dira dagoeneko.