Igo
  • 2020/08/05

Gobernu Taldeak bere lehen urtearen balorazioa egin du

Ikasturte politikoaren amaieraren eskutik, Galdakaoko Udalaren Gobernu Taldeak bere lehen urratsak baloratu beri ditu. Bertan, indar politikoen aniztasunetik Gobernu Plana osatzeko egindako hautua azpimarratu egiten da, beti ere parte-hartzea eta konpromisoa helburutzat hartuta, eta zeregin horretan COVID-19ak eragindako izurriteak izan duen eragina ahaztu barik.


Urte bizia eta uzta ona


Dagoeneko urtebete igaro da galdakoztarren enkarguari jarraituz Udalean gobernatzera sartu ginenetik.
Dudarik ez da urte bizia izan dela. Konplikatua, baina baita zirraragarria, pozgarria eta azken balantze positiboarekin ere. Gobernu-taldea osatzen dugun lau taldeen proiektuekin bat datorren Gobernu Plana adosteko ekitaldiarekin hasi zen urtea, eta koronabirusaren krisiarekin amaitu da, arreta-gune nagusi gisa.


Bide horretan hiru alderdi nabarmentzen ditugu, besteak beste, gobernu honen muina osatzen dutenak: aniztasuna balio bihurtzea, instituzioa herritarrei irekitzea, partaidetza eta gardentasuna oinarritzat hartuta, eta hiri eredu berri baten alde lan egiteko konpromisoa.


Aniztasuna


Gobernu hau ibilbide ezberdinak, nortasun ezaugarri ezberdinak eta idiosinkrasia ezberdinak dituzten lau talderen arteko aliantzari esker posible izan zen; aurretik inoiz izan ez zen gobernu heterogeneoa, non galdakoztarrak ordezkatuta egon daitezkeen. Ibilbide ezberdinak erreferentziatzat hartuta, Gobernu Plan bat adosten jakin dugu, gure ustez galdakoztar ugariren beharrei erantzuten dieten neurriak biltzen dituena. Gobernu Plan hau urtarrilean aurkeztu zen galdakoztarren ordezkaritza zabal eta anitzaren aurrean, eta konpromiso argia da herritarrekiko.

Egunerokoan gutako bakoitzak jakin izan du bere ikuspuntua ematen, baita guztion onerako amore ematen ere, beti adostasuna bilatuz. Batzuek aniztasun horretan ahultasuna ikusi nahi zuten eta, aurten behin baino gehiagotan, Galdakaoko Udala bidegurutzean ipintzen saiatu dira titular sentsazionalisten bidez. Egoera horien aurrean erakutsitako jarrera, aniztasuna bertute bihurtzearen adibide izan da. Norberarenak ez diren ikuspuntuak ikusten eta ulertzen jakin dugu, eta erantzun komun bat adosteak gobernu taldea egoera horietatik indartuta ateratzea eragin du, eta harro gaude horretaz.


Parte-hartzea


Aurten, lehen urratsak eman ditugu gobernu honen funtsa den alderdi batean: parte-hartzean. 2020ko aurrekontua eginda, herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri genuen abian, guztion artean lantzeko. Zortzi bilera egin ziren, eta bertan 210 lagunek parte hartu zuten, eta 673 proposamen aurkeztu ziren. Prozesu horretaz gain, auzoetako mugikortasun-batzarrak ere egiten ditugu, gure auzotarren ekarpenak jasotzeko, udalak dagoeneko lantzen duen Hiri Mugikortasuneko Planaren inguruan. Gure asmoa da parte-hartzea udal-zereginean presente egotea, eta, horretarako, beharrezko baliabideak esleitu ditugu, bai ekonomikoak, bai giza baliabideak, dagoeneko udal-jardueran sartu den partaidetza-teknikari bat kontratatuz. Udaletxera ateak eta leihoak irekitzera iritsi ginela esan genuen, eta horren lekuko hainbat adibide dira.

Hori da, esaterako, Santakrutz jaiak bertan behera uztearen kasua, Jai Batzordearekin batera hartu zen erabakia, oposizioko taldeekin zein batzordearekin berarekin ezohiko bilerak egin ondoren.


Konpromisoa


Konpromisoaren eta lanaren adibide gisa, Galdakaok eta Euskal Herriak azken 80 urteetan pairatu duten osasun-krisi handienari erantzuteko egin dugun ahalegina nabarmendu nahi dugu. Horrek eskatu digu gure indarra eta dedikazio berezia jartzea egoera horri aurre egiteko neurriak bilatzeko orduan, eta horrek eragotzi digu %100ean jardutea Gobernu Planaren kronograma garatzen.

Hiru hilabeteko lan etengabea izan da, ordutegirik gabekoa eta ardura handiko erabakiak hartuz. Hainbat zerbitzu indarrean ipini genituen pertsona ahulenen beharrak betetzeko boluntarioekin batera, eta bihotzez eskertzen diegu haien lana. Udala etxetik lan egiteko eta bere zerbitzuak modu ez-presentzialean eskaintzen jarraitzeko egokitu zen, eta horregatik, langileei ere eskerrak eman nahi dizkiegu euren prestutasunagatik.

Egon ginen, eta jarraitzen dugu beste erakunde batzuekin harremanetan egoten. Aldundiarekin, adinekoen egoitzen egoeraz gure kezka agertzeko; Osakidetzarekin, gure baliabideen neurrian laguntzeko. Ikastetxeekin, tele-ikaskuntza inorentzat eragozpen izan ez zedin. Horrez gain, osasun langileak eta etxerik gabeko pertsonak hartzeko guneak egokitu genituen.

Kultura-jarduerei dagokienez, bertan behera geratu ziren jarduera guztiak birprogramatu dira, bereziki zigortutako sektore hori berpizten laguntzeko. Hala, koronabirusaren beste agerraldi batek eragozten ez badu, Kaiola eta Sormene udazkenean egingo dira. Deseskalatzean zehar neurriak hartzen jarraitzen dugu. Orain lan egiten dugu inor atzean gera ez dadin, eta 3 milioi euro bideratuko ditugu zuzeneko laguntzetarako eta enplegu-planetarako. Eta hori guztia gardentasunez, alarma-egoera hasi zenetik 100 albiste baino gehiago argitaratuz webgunean eta informazio-bideoetan, bai alkatearen, zinegotzien eta herritarren aldetik.

Oposizioa ere kontuan izan dugu, astero bilera telematikoak eta batzordeen hamar bilera baino gehiago egin baititugu, ofizialak ezerezean geratu ziren arren. Eta batzuetan seguru oker ibili garela, baina geratzen zaigun sentsazioa bide onetik goazela da, ahalik eta gehien saiatu garelako eta, neurri handi batean, ahalegin horren fruituak ikusi ditugulako.


Hala ere, ezin ditugu ahaztu gaixotasunaren ondorioz utzi gaituzten galdakoztarrak eta egoera horretan agurtu behar izan dituzten haien familiak. Guztientzat, gure esker ona eta gure maitasuna.


Eta orain etorkizunera begiratu nahiko genuke, eta Gobernu Planean markatutako lanari ekin. Usansoloko prozesuarekin jarraitu. Urretako pasabidea kendu dute dagoeneko, eta Aperribaiko igogailuen lana erritmo onean doa. Pontzi Zabaleko arrapala mekanikoaren proiektua idatzi da eta Urreta eta Tximelarre lotuko dituen igogailuaren proiektuak bere bidea jarraitzen du.


Luminariak ordezkatzeko plana ere martxan dago. Sormene, euskal sortzaileen azoka, azaroan iritsiko da, kultur jardueraz beteriko udazkenean. Gainera, dagoeneko hasi gara bertako artisten katalogoa sortzeko tramiteekin. Kirolen arloa indartu egin da teknikari baten presentziarekin. Teknikari hori, besteak beste, kirolean euskara eta genero-ikuspegia sustatzeaz arduratuko da. Eta iaz hasitako bideari jarraituz, 2021eko aurrekontu parte-hartzaileak prestatzen ari gara dagoeneko.


Egia esan, lehen urte honetako balantzea positiboa dela uste dugu. Itxaropenak handiak ziren, gure gogoak bezalaxe. Eta gehiago ere nahi genuen arren, osasun krisiak markatzen dituen gorabeheretara egokitu gara, eta erein egin dugu, etorkizuneko urteetan fruituak jaso ahal izateko. Aurrera!