Igo
  • 2021/06/15

Gobernu Planaren % 85 gauzatzen edo gauzatuta daude udal gobernuaren bigarren urteurrenean, eta harro egoteko Galdakao eraikitzen jarraituko duela dio alkateak

Gaur bi urte dira Galdakaoko Udalera aldaketa iritsi zenetik. "Eta aldaketa ez da kolore aldaketa soila", zehaztu du Iņigo Hernando alkateak legealdi erdiaren balorazioa egiteko agerraldian. "Egiteko moduak, elkarrizketa, adostasunak", aipatu ditu. "Zer eta nola kudeatzen den". Hori da aldaketa.


Eta kudeatu, asko kudeatu da. Egin da. Gauzatu da. Pandemiaz gain. Kudeatu da pandemiaren eragina ere, modu arin eta eraginkorrean. Eta egiten jarraitu da bitartean, proiektuak martxan jartzen. Proiektu handiak zein txikiak abiatu eta gauzatu dira, eta garrantzia bera eman die guztiei alkateak: "egunerokotasuna erraztu eta hobe daiteke gauza txikiak aldatuz".


Datuak jarri ditu mahai gainean, gobernu plana neurgailu hartuta. "Orain dela urte eta erdi gobernu plana aurkeztu genuen herriaren aurrean. Eragileen aurrean, enpresarien aurrean, elkarteen aurrean, herritarren aurrean. Eta konpromiso argia hartu genuen hurrengo lau urteetarako. Gobernu plan hori, konpromiso publiko hori gauzatzen ari gara: %13 dugu eginda eta %72 egiten. Horri buruz ari gara kudeaketaz ari garenean: herritarrekin konpromiso bat hartzea eta betetzen joatea".


Mari Paz Losada alkateordeak gauzatu diren proiektuen berri eman du: mendi ibilbideak seinalizatu dira; udal basoen egoerari buruzko diagnosia egin da; Urretako gaineko pasabidea eraitsi da; Urreta Eskolako aldageletan beroketa sistema jarri eta zutabeak babestu dira; familien oinarrizko elikadura premiei buruzko azterketa egin da; ekitaldi instituzionalak gorrentzat egokitu dira; adinekoen bakardade egoerei buruzko azterketa egin da; zinegotziek aurrez aurreko arreta zerbitzua ezarri dute; soldatak jeitsi eta horrela mantendu dira; euskal sortzaileen azoka, Sormene, sortu da; herriko artisten katalogoa sortu da; Torrezabaleko ikasketa gela jaiegunetan ere zabalik mantendu eta behar denetan leku gehiago egokitu dira; eta euskal udalekuen ordutegia zabaldu da, horrela kontziliazioa erraztuz. "Azpiegitura handietan aritu gara lanean eta batez ere pertsonen ongizateari begira aritu gara, herritarren ongizatzea hobetzen".


Egiten ari diren eta aurrerantzean ikusiko ditugun proiektuen artean, Tximiolarre eta Urreta batuko dituen igogailua, Aperribaiko igogailu berria, Urbira doan pasabidearen konponketa, Pontzi Zabalako aldapa mekanikoa eta Berezikoetxeko estalkia aipatu ditu alkateak.


"Galdakao, galdakoztarrek merezi duten lekuan jartzeko bidean gaude", adierazi du alkateak. "Pozgarria da herritarren babesa eta indarra sumatzea, eta hori, emaitzak ikusten ari garelako da". Denetariko emaitzak aipatu ditu, askotariko aldaketak: "herri atseginago bat sortzen ari gara -hor daukagu lorezaintza aldaketak dakarren kolorea-; bere memoria oinarri duen herria -hor daukagu berreskuratu dugun Tximiolarreko babeslekua-, eta ikusten dugu nola herri bizi bihurtu den Galdakao, Torrezabalekin kultur erreferente bihurtuta".


Aurrera egiteko gogotsu agertu da, gainera, alkatea: "Hurrengo urteetan bide beretik jarraituko dugu: herritik eta herriarentzat, herritar guztiak, galdakoztar guztiak Galdakaoz harro sentitzeko". Eta ez dela "datorren urteaz edo hurrengoaz" soilik ari zehaztu du; "datozen urteetan bide beretik jarraituko dugu".


Gobernu plana osatzen duten 100 neurrietako bakoitzaren egoera jarraitzeko, sartu webgune honetan: www.galdakaodenontzat.eus