Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Gobernantza eredu berri batean oinarrituta, 2030ko Galdakao marrazten ari dira Udala, elkarteak eta herritarrak: oinezkoentzako kaleak, bidegorriak, guztientzat eskuragarri izango den aisialdia…

Herritarren parte-hartzea   2022/11/26

Galdakaoko Udala proiektu berritzaile eta esperimental batean murgilduta egon da azken urtean: etorkizunera begira herriak zein gizarteak dituen erronka handiei era berritzaile batean erantzuteko lanketa sakon batean. Herritarrekin eta eragileekin hasi du prozesua, bi erronka handien inguruan: aldaketa klimatikoa eta aniztasuna. Elkarlanean hausnartu, eta proposamen zehatzak egin ditu, erronka erraldoi horiei komunitatetik, guztion artean, erantzun behar zaiela sinetsita.

Prozesuan parte hartu duten eragileetako ordezkariek, prozesu esperimentala babestu eta diruz lagundu duen ArantzazuLab gizarte berrikuntzaren laborategiko zuzendariak eta Udalaren ordezkari nagusi den Iñigo Hernando alkateak jendaurrean aurkeztu dute lanketaren emaitza; egindakoa azaldu, eta adostu dituzten neurri zehatzak azaldu dituzte, Ardanza parkean jarritako karpan egindako ekitaldian.

Aste osoan egongo da karpa Ardanzan; bertan, aste osoan zehar ezagutu ahalko da aniztasunari begira zein herriko erdigunea lasaitu, atseginagoa egin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko helburuz adostu diren egitasmo zehatzak. 

Datorren asteko igandera arte, abenduaren 4ra arte, egongo da ikusgai erakusketa Ardanza parkean, honako ordutegian:

  • Larunbat eta igandeetan 10:00etatik 20:30era
  • Astegunetan: 09:00etatik 20:30era 

Galdakaoko Udalak bertaratzeko eta bertan ekarpenak egiteko deia egiten die herritarrei, Etorkizuneko erronka handiei komunitatean soilik egin ahalko zaielako aurre.