Igo
  • 2022/09/05

Gimnasia aire zabalean, kultur irteera, mendi ibilaldia eta Kixoteren lurretan 5 eguneko txangoa: Udalaren eskaintza adinekoentzat

Galdakaoko Udalak lau ekintza antolatu ditu irailerako adineko pertsonentzako, ikasturtea indartsu, ilusioz, ikasteko gogoz eta aktibo hasteko, jendea ezagutzeko eta norbere buruarekin ondo eta gustura sentitzen laguntzeko. Honakoak dira Udalak, Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuaren bidez, hil honetarako prestatutako ekintzak:

  • Gimnasia aire zabalean egingo da Ardanza Lehendakariaren parkean, oraindik eguraldi ona dagoela aprobetxatuta. Monitore baten laguntzarekin gorputza aire zabalean mugitzeko aukera izango dute, horrela, gure nagusiek. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak 10:00etatik 11:00etara, irailaren 7tik urriaren 10era bitarte. Izen emateak Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin ahalko dira irailaren 2tik aurrera eta betiere pertsona bakoitzak bi izen eman ahalko ditu. 

 

  • Irteera kulturala Bilboko Alde Zaharrera. Erdi Aroko Bilbo ezagutzeko ibilbide interesgarria izango da. Txangoa ostegunean, irailaren 22an, izango da 11:00etan abiatuta. Gehienez ere 29 pertsonako taldea osatuko da eta izena emateko Adinekoen Dinamizazio Zerbitzura deitu behar da (944 010 545) irailaren 9tik aurrera. Gehienez bi izen eman ahalko ditu pertsona bakoitzak.

 

  • Mendi-ibilbidea Larrebetzutik Gernikarako 14km-ko ibilbidea. Irailaren 29an izango da. Gehienez ere 30 pertsonako taldea izango da txangoa egingo duena eta bertan izena emateko Adinekoen Dinamizazio Zerbitzura deitu beharko da (944 010 545) irailaren 16tik aurrera. Gehienez bi izen eman ahalko ditu pertsona bakoitzak.

 

  • Kultur zirkuitua eskainiko du Udalak Cemo Bidaiekin lankidetzan. Kixotearen ibilbidea egitea da proposamena, 5 egun eta 4 gaueko txangoa; autobus-zirkuitua izango da, inguruko xarma guztiak ezagutzeko. Zirkuitu horren barruan honako hauek bisitatuko dira, besteak beste: Ciudad Real (bisita tokiko gidariarekin) – Ruidera urtegiak (bisita tokiko gidariarekin) – Argamasilla de Alba (Casa Cueva Medrano sarrera) – Tomelloso - El Toboso (sarrerak Casa Dulcinea eta Museo Cervantino) – criptana eremua (sarrera: Molino del Infanto y Culebro) – Alcazar de San Juan (sarrera, Gran Prior jauregia barne) – Almagro (sarrera, komedia-korrala barne) – Calatrava Gaztelua (sarrera eta bisita barne) -Toledo (bisita tokiko gidariarekin) eta Ibar Ezkutua. Irailaren 26tik 30era izango da irteera eta, bertan parte hartzeko, pertsona bakoitzeko 460 euro ordaindu beharko da. Izena dinamizazio zerbitzuko bulegoetan eman behar da, eta gehienez, pertsona bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu.

Aipatutako ekintzez gain, XIII. Adinekoen jolasetan parte hartzeko dei egiten die Galdakaoko Udalak gure nagusiei, bi ordu inguruz ondo pasatu dezaten.

Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa (Terma programan, garraioetan deskontuak…) eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu. 

Hori guztia astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 13:30era eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Gizarte Ekintzako bulegoan (Pontzi Zabala 3-a, Ardantza Parkean) edota 944 010 545 telefonoan.