Igo
  • 2021/09/21

Gazteentzako zientzia eta teknologia jarduerak egingo dira Nerbioi-Ibaizabalen

Nerbioi-Ibaizabaleko hamar udalerrik (Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri, Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberio) eta Elhuyarrek hitzarmena sinatu dute, Arrigorriagako udalean. Bertan izan dira Arrigorriagako Gazteriako zinegotzi Iratxe Rubio Gil, Elhuyar Zientziako koordinatzaile Garazi Andonegi Beristain, Nerbioi Ibaizabal mankomunitateko lehendakari Miguel Ángel Herrero eta hamar udaletako ordezkariak; Galdakaoko Udalaren ordezkari, Mari Paz Losada alkateordea.

Hitzarmen honen bidez, eskualdeko gazteen artean STEAM gaien inguruko (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) interesa piztu nahi da. Arrigorriagako Gazteriako zinegotzi Iratxe Rubio Gilek adierazi duenez, gazteek joera gutxi dute halako ikasketak hautatzeko; neskek, batik bat. Zientzia eta Teknologia arloa eskualdeko eragile nagusienetarikoa izanik, zerbait egin beharra dagoela gaineratu du. Gazteen gehiengoak ez ditu lan-jarduera horiek ezagutzen, eta beharrezkoa da arloko STEM profesionalak haiengana hurbiltzea eta gertuko harremanak sortzea. Horrez gain, antolatu diren jardueren bidez, XXI. mendeko konpetentziak garatuko dituzte gazteek. Besteak beste, pentsamendu kritikoa, lankidetza-gaitasunak, sormena eta komunikazio-gaitasunak.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyar Zientziako koordinatzaileak azpimarratu du, Nerbioi Ibaizabal eskualdea Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen sarera batuko dela hitzarmen honen bidez. 2017an ireki zituen ateak lehenengo Bizilabe zentroak, Bilbon. Ordutik, sarea handitzen joan da, eta Elgoibar, Soraluze, Tolosa eta Villabona-Amasara hedatu da. Bizilaben, 10-17 urte bitarteko gazteek zientzia- eta teknologia-jarduerak egiten dituzte, aisialdian, arlo horietako profesionalen gidaritzapean. Bizilabe sareak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du.

Andonegik gaineratu du STEM arloa indartzeko lan honetan ezinbestekoa dela komunitate osoaren inplikazioa: udalak, ikastetxeak, aisialdi-taldeak, gurasoak, enpresak, etab. Horrez gain, gazteengan bizipenek duten garrantzia azpimarratu du. Hori dela eta, zientzia- eta teknologiarekin zerikusia duten hainbat jarduera antolatu dituzte datozen hilabeteetarako: tailerrak gazteguneetan, "NI STEAM emakumea" erakusketa eta "Parekoen topaketa", besteak beste. Ekintza horien berri aurrerago emango da.

TAILERRAK GAZTEGUNETAN

✅  Kriptografia eta kode sekretuak! Scape Room bat eraikitzeko tailerra

📍Galdakao - 📅 Azaroak 5, 12, 19, 26 (17:00-19:00)
📍Orozko - 📅 Azaroak 6, 13, 20, 27 (18:00-20:00)

Tailer honetan, ezkutuko mezuak sortuko dira. Horretarako, kriptografian aditua den ikertzaile batek zein urrats eta teknika jarraitu behar diren azalduko du, eta, denen artean, ihes-gela bat sortzeko aukera izango da.

✅  Esperimentu likatsuen tailerra

📍Arrigorriaga - 📅 Azaroak 6, 13, 20, 27 (18:00-20:00)

Hainbat materialen arteko erreakzioek emaitza ikusgarriak sortzen dituzte. Tailer honetan, materialen propietateak erabiliz, esperimentuak egingo dira: SLIMEa, labazko lanparak, iman bidez mugitzen den likidoa (ferrofluidoak), elikagaiekin egindako itsasgarriak, plastikoaren birziklapena,.

✅ Kriminologia-tailerra

📍Etxebarri - 📅 Azaroak 9, 16, 23, 30 (17:30-19:30)
📍Zeberio - 📅 Azaroak 6, 13, 20, 27 (18:00-20:00)

Misteriozko istorio batean oinarritutako tailerra da. Bertan, pistei jarraituz argitu beharko dute enigma parte-hartzaileek, eta, horretarako, bakterioei eta genetikari lotutako esperimentuak egin beharko dituzte.

✅ Sukalde-zientzia tailerra

📍Urduña - 📅 Azaroak 6, 13, 20, 27 (17:00-19:00)

Zergatik eta nola lehertzen dira arto-krispetak? Nola egiten da azukre-kotoia? Ezagutzen dugu jaten duguna? Nola lortzen da elikagaiak denbora luzean kontserbatzea? Tailer honetan, aurreko galderei erantzuna emango zaie, sukaldaritzako errezetak zientzia-esperimentu bihurtuko dira, eta sukaldaritza tradizionalaren eta garaikidearen atzean dagoen zientzia ezagutuko dute gazteek.

✅ Elektroesperimentu tailerra

📍Ugao-Miraballes  - 📅 Azaroak 5, 12, 19, 26 (19:00-21:00)

Azken urteotan, elektronika eta programazioa ezinbesteko bilakatu dira gure egunerokoan, eta behin eta berriz erabiltzen ditugu. Adibidez, mugikorrarekin ordainketak egiterakoan, NFC teknologia erabiltzen dugu, eta jantzi adimendunak geroz eta ohikoagoak dira. Tailer honetan, aurrerapen horien atzean dagoen teknologia ezagutuko dute partaideek, eta hainbat gailu eraikiko dituzte.

✏️ Izen-emateak:

▶️ Izen-emateak irailaren 21etik urriaren 21era egingo dira, herrietako gazteguneetan.
▶️ Tokiak beteko balira, itxaron-zerrenda sortuko da.

Informazio gehiago:

Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal-en webgunean: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/nerbioi-ibaizabal