Igo
  • 2020/03/21

Gau eta egun guztion onerako lanean ari direnei eskertza, eta herritarrei arduratsu jarduteko deia

Galdakaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie, zinez, egun konplikatu hauetan lehen lerroan lanean ari diren udal langile guztiei. Bereziki aipatu nahi du udaltzaingoa eta brigadako erretena egiten ari diren lana, baita gizarte langileak zein beste udal langile asko egiten ari diren ahalegina ere. Lan talde horiek berebiziko larritasunez mobilizatu dira eta egun eta gau ari dira krisiari aurre egiteko ahaleginean. Horien guztien borondate, ahalegin eta ardura aitortzen ditu udal gobernuak.


Dozenaka boluntario auzokide zaurgarrienei laguntzeko egiten ari diren lan isila ere eskertzen dugu, bai eta galdakoztarrak oro har erakusten ari diren jarrera ona ere. Komunitatearen alde horrenbesteko lana egiten ari diren udal langile horien gomendioak errespetatu eta jarraitzeko eskatzen diegu guzti horiei, beste behin. Ez dezagun ahaztu gure hobe beharrez ari direla.


Nola ez, aitortza berezi bat gizartearen onura eurenaren aurretik jartzen ari diren osasun langileei. Gure babes zintzoa, eta laguntzeko prestutasuna: osasun beharren esku jartzen ditugu udal baliabideak, sor litezkeen beharrak ahal den neurriak asetzen laguntzeko.


Gure udalerriko ospitalean Covid-19ari aurre egiteko saiakeran bizia galdu zuen erizaina ezin ahaztu. Euskal Herrian coronavirusak jota hil den lehen osasun langilearen heriotzagatik dolu minez jarraitzen du Galdakaoko Udalak. Kutsatutako gainerako osasun langileengana luzatu nahi du elkartasuna, bai eta osasun langileria osoarengana ere.


Ulermena, ardura eta jarrera zentzuduna eskatzen dizue udalak herritar denei. Horrela lortuko dugu guztion artean egoera hau gainditzea.