Igo
  • 2021/04/08

Gardentasunean aurrera egiten ari da Udala: alkatearen agenda ikusgai dago, eta zinegotziekin biltzeko aukera eskura

Gardentasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna lehentasun ditu udal gobernu honek eta bide horretan aurrera egiten ari da. Berriki emandako pausuen artean aipatzekoak dira alkatearekin zein zinegotziekin aurrez aurre egoteko aukera baliatzeko jarritako erraztasunak, eta alkatearen agenda instituzionala publiko egitea.


Iņigo Hernando Galdakaoko alkatearen agendako hitzordu nagusiak Udalaren webgunean egongo dira ikusgai, hemendik aurrera. www.galdakao.eus atarian sartu, Udala atalean klikatu, eta lehen aukera da Alkatearen agenda instituzionala. Bertan, arloka multzokatuta eta kolorez bereizita agertuko dira alkateak datozen egunetarako dituen hitzordu nagusiak. Bederatzi ataletan banatuta dago agenda: Barne bilera exekutiboak, gobernu batzordea, trebakuntza, herritarrekin hitzorduak, alkatea herritik, eragileekin hitzorduak, harreman instituzionalak, barne kudeaketa eta agerraldiak. Atal bakoitzak kolore bat izango du.


Udala ataleko bigarren aukeratzat Zinegotziekin hitzordua jarri da. Bertan, zuzenean eskatu ahalko da hitzordua alkatearekin zein udal gobernua osatzen duten zinegotziekin aurrez aurre batzartzeko. Ordezkari bakoitzaren izen-abizenaren ondoan zein alorretako arduradun diren zehazten du orriak, eta asteko zein egun eta ordutan ematen duen herritarrekiko arreta zerbitzua.


Iņigo Hernando alkateak ostegun goizetan hartzen ditu herritarrak bere bulegoan, betiere aurrez hitzordua eskatuta; Mari Paz Losada zinegotziak astearte eta asteazken goizetan ematen du zerbitzua; Maite Arandiak astearte eguerdietan; Olaia Parrak astelehen eta astearte arratsaldeetan; Asier Egiraunek astearte arratsaldetan eta asteazken goiz zein arratsaldetan; Edurne Espillak astelehen eguerdietan; Nerea Orozkok ostegun goizetan; Javier Ibarretxek eguerdiro astelehenetik ostiralera; Agustin Aizpuruk astelehen goiz eta arratsaldetan; eta Jose Luis Bernalek zein Ibon Garciak asteazken goizetan. Webgunean ikus daitezke ordutegi zehatzak.


Hitzorduak orri horretatik bertatik online eskatzeko aukera ere jarri da martxan, eta telefono zenbaki bat ere bai.