Igo
  • 2021/02/26

Ganguren Mendi Taldeak irteera antolatu du iganderako, Udalak seinaleztatu dituen ibilbideetatik lehena ezagutzera emateko

Galdakaoko Udalak udalerrian ibilbide osasungarriak egokitzeko eta seinaleztatzeko proiektua burutu berri du, Ganguren Mendi Taldearen laguntzarekin. Diseinatutako lehenengo ibilbidea ezagutzera emateko, mendi taldeak irteera bat antolatu du datorren iganderako, otsailak 28, Ganguren MTren egoitzatik abiatuta.


Ibilbide horia deritzona da iganderako aukeratu dena; Kukuzburu ibilbidea, 11 kilometroko ibilbide erraza eta 400 metroko desnibel positibo metatua duena. Ganguren Mendi Taldearen egoitzatik abiatuko da ibilaldia (Gipuzkoa kalea, 11), 09:30ean, eta Kukuzburu (426 m) eta Padrolamendi (261 m) gailurretatik igaroko da, hiru orduko ibilbide polit batean.


Pandemiak eragindako murrizketak kontutan hartuta erabaki da ibilbide hori lehenengo irteerarako. Izan ere, federatuta egon ezean, ezin da udalerriaren mugetatik kanpo dauden mendietara joan. Meteorologiaren arabera, ibilbidea zertxobait alda liteke.


Hurrengo irteera martxoaren 14rako aurreikusita dago, Ganguren ibilbidea deiturikoa eta lila kolorez markatua dagoena. Ibilbide hori ere zirkularra da, eta Aperribaitik abiatuko da Ganguren mendira (443 m) igotzeko. Lau orduko iraupena izango du.


Guztira, Ganguren Mendi Taldeak hiru ibilbide zirkular eta 12 ibilbide-lotura egokitu eta seinaleztatu ditu informazio panelekin, toponimo grabatuak dituzten seinale tantaiekin, norabide geziekin, kolore markekin eta kartelekin. Udalaren eskariz egin ditu lan horiek Gangurenek. Ibilbide osasungarriak diseinatzeko eta egokitzeko proiektu honekin, Galdakaoko Udalak Gobernu Planaren 29. konpromisoa bete du.


Ibilbideen informazio guztia, mapak eta track-ak gangurenmt.net webgunean kontsultatu eta deskargatu daitezke. Informazio liburuxkak ere eskuragarri daude, bai klubaren egoitzan, bai udaletxean.