Igo
  • 2021/01/11

Ganguren Mendi Taldeak hainbat ibilbide seinalizatu ditu Galdakaon zehar seinaleztapen eta informazio panelez hornituz

Galdakaoko Udalak, Ganguren Mendi taldearekin lankidetzan, ibilbide osasungarriak diseinatzeko eta egokitzeko lanean jarraitzen du, Gobernu Planaren 29. konpromisoa betez.


3 ibilbide zirkular eta 12 lotura dira guztira Ganguren Mendi Taldeak egokitu dituenak, informazio panelak, toponimo grabatuak dituzten seinale tantaiak, norabide geziak, kolore-markak eta kartelak jarriz.


Hauek dira hiru ibilbide zirkular nagusiak (gangurenMT.net webgunearen deskribapenak):


1️⃣- Kukuzburu ibilbidea (10,9km): Kurtzeko Plazatik, Kukuzuburu ibilbideak Uraburuko burdin-uren iturrira hurbiltzen gaitu eta Gangureneko mendilerrora igotzen da jarraian, ekialdetik doan bidetik, Golf zelaia inguratuz. Kukuzburuko tontorrera igotzen da eta inguruan dauden P lerroa izeneko 1936ko Gerraren osteko defentsa militarreko zenbait bunker ikusteko aukera eskainiko digu. Handik Elorritxuetako atsedenlekura jaisten da. Ibilbidea Belategi auzotik hirigunera jaitsiko da.


2️⃣- Ganguren ibilbidea (14,9 km): Aperribaitik abiatuta, Ganguren ibilbidea Aspuru auzora gerturatzen da. Bertan oraindik aztertzeke dagoen tumulua dago. Ibilbidea Elorritxuetako atsedenlekutik (El Vivero) pasatzen da eta udalerriko gailur esanguratsuenera, Gangurenera, igotzen da. Ondoren Gudabikolandara  jaitsiko da, leinuen arteko guden agertoki izandakora. Bertan dago baita udalerriko mugarri historikoetako bat. Handik behera, Kortatxikietako atsedenlekuaren ondotik abiapuntura itzuliko da.


3️⃣- Gangureneko zeharkaldia (18,4 km): Kurtzeko Plazatik abiatzen da eta Gangureneko mendilerrora hurbiltzen da ekialdetik, honen zeharkaldi osoa egiteko aukera eskainiz, aurreko bi ibilbideak lotuz. Ibilbideak ekialdetik mendebaldera gurutzatzen du mendilerroa, Kukuzburuko gailurra, Elorritxuetako atsedenlekua eta Gangureneko tontor ezaguna zeharkatuz.


Ondoren, Gudabikolandatik Aspurura jaisten da,eta golf-zelaitik hurbil pasatu eta gero, Belategi auzotik abiapuntura itzultzen da.


Seinaleztatutako beste 12 ibilbide loturei dagokienez, honako hauek dira:


📍Arantzelai
📍Belategi
📍Bengoetxe
📍Elexalde
📍Etxebarri
📍Aretxiturri
📍Arantzelai-golf
📍Jugo
📍Otalarra
📍Padrolamendi
📍Txaketoiturri
📍Urizargoiti


Ibilbideen informazio guztia, mapak eta "track"ak gangurenmt.net webgunean kontsultatu eta deskargatu daitezke hemen👉 Ganguren ibilbideak


Seinaleei dagokienez, honako jarduketa hauek egin dira:


✅ 7 informazio panel: Kurtzeko plazako kioskoan, anbulatorioaren ondoan tunela igarotzean, Arantzileko presaren ondoan, Bengoetxeko egoitzaren aurrean, Aperribaiko beheko aldeko parkean, Elorritxuetan (El Vivero) eta Elexalden.
✅ 40 seinale tantai (horietatik 18 toponimoekin grabatuak)
✅ 88 norabide-gezi
✅ 4 kartel bide-gurutzeetan, ibilgailuak daudela ohartarazteko
✅ 42 kilometroko seinaleztapena koloretako markekin: 11 km Kuzkuburu (marka horiak), 15 km Ganguren (marka lilak) eta beste 16 km ibilbide horietatik auzo eta iturrietara.


Galdakaoko Udalak ibilbide hauetaz gozatzera eta gure herriko ingurune naturala hobeto ezagutzera animatu nahi ditu herritarrak, betiere ingurumena errespetatuz eta gure ondare naturala zainduz.

GANGUREN-IBILBIDEAK.pdf