Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaon hitanoa landuko duen taldea osatzeko aukera aztertuko da asteazkenean, Manu Etxebarriak hitanoaren inguruan eskainiko duen hitzaldian

Beste batzuk   2021/05/21

Juan Manuel Etxebarria euskal filologoak hitanoaren inguruko hitzaldi praktikoa eskainiko du datorren asteazkenean, maiatzak 26, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. 18:45ean izango da. Galdakaoko Berbalagun ekimenak antolatu du hitzaldia, eta bertatik horrela deskribatu dute saioa, jendearen interesa piztu nahian:
"Hitanoaren presentzia gero eta eskasagoa da gure gizartean, batez ere, belaunaldi gazteetan. Euskaltegietan ere gainetik lantzen da euskararen erregistro mota hau; goi urratsetan, atariko probetan eta zenbait ahozko entzungaitan agertzen da, baina ez zaio behar besteko garrantzirik ematen, kalean ere oso pisu gutxi du eta.
Egoera ikusita, Galdakaoko Berbalagun egitasmoak Euskal Filologian doktore den Juan Manuel Etxebarriaren laguntza eskatu du, gaiaren gainean hitzaldi teoriko-praktiko bat emateko. Jendearen interesa piztu eta, beste herri batzuetan egin duten bezala, hitanoa lantzeko taldea sortzea da helburua. Iurretan, adibidez, indar handia izan du ekimenak. Hasieran, 70 urte inguruko sei lagun joan zitzaizkion dinamizatzaileari, herrian landu egin behar zela esateko. Taldea martxan hasi zen, eta eskualde osoko 40 pertsona baino gehiagok eman zuten izena; eskaintzak gainezka egin ziela aitortu digute. Jendearen erantzuna ikusita, Durangaldeko Mankomunitatearen laguntza eskatu zuten, eta laster kaleratuko dute bizkaiera jasoan hitanoa lantzeko liburuxka.
Horrez gain, Durangaldeko hizkera jorratzeko bertso-saioak ere antolatu dituzte. Oso ekimen polita! Hemen ere bertakoa indartu nahi dugu, noski. Telebistan entzuten den gehiena batua edo gipuzkera baita; esaterako, 90ko hamarkadan, oraingo heldu askok zerbait ikasi zuten Goenkale eta Dragoi Bolari esker, baina Pelos eta Txapas edo Son Goku eta Vegetaren arteko elkarrizketek ez zeukaten Galdakaoko baserrietan egiten zirenen antz handirik, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu tokian tokikoa indartzea.
Zestoan, herriko talde feministarekin lankidetzan aritu zen bertako Mintzalagun proiektua, emakumezkoen noka indartzeko; izan ere, Gipuzkoako zonalde horretan, Galdakaon baino askoz biziago dago hitanoa, baina gizonek emakumezkoek baino gehiago erabiltzen dute. Horra hizkera honen beste berezitasunetako bat: generoa. Baina ez dugu gehiegi aurreratu nahi. Hitzaldian jorratuko dugu kontu hori eta baita bertaratzen direnek proposatutako beste edozein.
Berbalagunen izena ematen duten kide gehienek euskara jariotasunez hitz egiteko ematen dute izena, eta, jakina, pertsona horiei laguntzeko euskaraz oso ondo moldatzen diren boluntarioak ere baditugu. Talde honetara euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta hizkuntzan sakontzeko interesa duen jendea hurbil daitekeela uste dugu, baina batek daki, euskaldun berri asko gure hizkuntzarekin zerikusia duen edozein gaik erakartzen baitu, eta guk profil guztietako euskaldunak hartu nahi ditugu!
Beraz, hitanoa berbetan ikasteko edo hizkera hobetzeko interesa badaukana/k, animau hadi maiatzaren 26an antolatutako hitzaldira. Torrezabalen, 18:45ean, gogoratu egina(k)!"