Igo
  • 2021/09/16

Galdakaon euskara sustatzeko Berbalagun programaren 16. edizioa abian da

Euskaraz bizi nahi duten horiei bizitza bere osotasunean euskaraz egiteko pausuak ematen laguntzea helburua duen Berbalagun ekimenak bere hamaseigarren kanpaina abiatu du.
Programak izena emateko epea zabaldu du, eta aurtengo kanpainako leloak dioen moduan: euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko aparteko aukera da.
Egoerak arraroa izaten jarraitu arren, proposamenez betetako ikasturtea eskaini nahi diegu euskaraz gozatu nahi duten herritar guztiei.
Berbalagun taldeak astean ordu batez batzen dira mintzapraktika egiteko, eta parte hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute. Talde gehienak taberna batean geratzen dira, mintzapraktika landu bitartean kafetxo bat edo dena delakoa edateko,baina horretaz gain, badira bestelako helburu edo berezitasunak dituzten zenbait talde: josten ikasteko taldea, paseo taldea, bizkaiera lantzeko taldea, mendi taldea eta guraso eta seme-alaben artean eskulanak egiteko Gurasolagun taldea. Gainera, aurten, eskaintza berri bi zabaldu nahi ditu ekimenak: hitanoa lantzeko aukera eta yoga euskaraz praktikatzekoa.
Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, berbalagun taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko dira. Horren haritik, eta aurrez aurreko eskaintzari osagarri moduan, orain dela ikasturte bi abiatu zen online eskaintzari jarraipena emango zaio.
Proiektuan parte hartzea dohainik da, eta berbalagunek hainbat abantaila dituzte: harpidetzetarako deskontuak, kultur ekitaldietarako zozketak, sariak, antolatzen diren ekintza eta irteeretan lehentasuna, etab.
Izena eman edo informazioa
Berbalagunen parte hartzeko izena eman nahi duenak egitasmoa sustatzen duten edozein erakunderengana jotzea du: Galdakaoko AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia edo Udala (Torrezabalen dagoen euskara zerbitzuan), baita telefonoz (607632345) edo e-postaz (galdakao_berba@aek.eus) ere.
Informazio gehiagorako blog-a ere badago: hegouribe.blogspot.com. Urriko lehen astetik aurrera hasiko dira taldeak martxan. Beraz, irailean izena ematea gomendatzen dute, pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen den taldea errazago aurkitzeko.
Galdakaoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimen honetan parte hartzera eta euskaraz gozatzera eta bizitzera.