Igo
  • 2019/10/25

Galdakaoko Udalak ostalaritzan beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina jarri du abian

Galdakaoko Udalak beste kanpaina bat jarri du martxan, hurrengo astetik hasita, udalerriko ostalaritzako establezimenduak bisitatuz, ostalaritzan beirazko ontzien hondakinak birziklatzea sustatzeko eta ostalariei udal ordenantzek arlo honetan ezartzen dituzten betebeharren berri emateko.


Galdakaoko Udalak nabarmentzen du Udalaren eta ostalarien arteko lankidetza oso garrantzitsua dela material horren gaikako bilketa-tasak handitzen jarrai dezan, ostalaritzaren sektoreak erabilera bakarreko beirazko ontzien hondakinen %52 sortzen baitu. Horregatik, sektore hau klabea da birziklatze-helburuak lortzeko, sektorean ohitura iraunkorrak ezarriz egiten den edozein aurrerapenek klima-aldaketaren aurkako borrokan hobekuntza esanguratsua dakarrelako.


2018an, beirazko 646.525 kilo birziklatu ziren, Galdakaon gaika bildutako hondakin guztien %24.


Kanpaina honek beirazko ontzien hondakinen gaikako bilketaren zifra hori handitu gura luke udalerrian. Horretarako, landa-lana egingo da, birziklatze-arloan ostalaritza-sektorea kontzientziatzeko eta Galdakaorako birziklatzeak ingurumen aldetik dituen onurei buruzko sentsibilizazioa sustatzeko, banaka-banaka bisitak eginez.


Udalaren mendeko langile kualifikatuek hurrengo astetik aurrera hasiko dituzte establezimenduetako bisitak. Lehenengo fasean, informazioa eskainiko da eta beharrizan materialak atzemango dira, edukiera desberdineko kuboak entregatuko dira, beirazko ontzien hondakinak birziklatzea errazteko, establezimendu bakoitzak sortzen duen kopuruaren arabera,  eta erraztasunak emango zaizkie birzikla dezaten. Arrazoizko epea igaro ondoren, beste bisita batzuk egingo dira jatorritik bereizketa zuzen egiten dutela egiaztatzeko.


Era berean, bisita hauetan udal ordenantzek arlo honetan ezartzen dituzten betebeharren berri emango zaie. Indarrean dagoen udal ordenantzak, 29. artikuluan, aukera ematen du erabiltzaileei hondakinak gaika bereiz ditzaten exijitzea, eta hondakinak gaika bereiztea betetzen ez bada, arau-haustea da.


"Jakin badakigu hondakinen arazoa aro honetako erronka handienetako bat dela, eta ohiturak hobetzeko arloa dela. Izan ere, hondakinak sortzen ditugun neurrian, gutxienez, bereizketa egiteko erantzukizuna dugu, ondoren birziklatu ahal izateko. Ez soilik Europatik datozen gomendioak eta betebeharrak direlako, baizik eta kontsumoa-hondakinen sorrera binomioa ingurumen-arazo serioa, ekidingarria edo aspektu batzuetan hobetu daitekeela komentziturik. Kanpaina honen bidez, ostalaritza-sektorera iritsi nahi genuke, eta beirazko ontziak bereizteko ohitura onak hobetu eta indartu, kontuan izanik sektore honek udalerriko ontzi horien %52 sortzen duela", adierazi du Nerea Orozko, Garapen Jasangarriko Zinegotziak.