Igo
  • 2021/02/19

Galdakaoko Udalak laguntza psikologikoa eskaintzen du pandemiak udalerriko adinekoengan dituen ondorioei aurre egiteko

Galdakaoko Udalak, Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bidez, banakako arreta psikologikoko programa bat eskaintzen du otsail honetatik aurrera, pandemiak udalerriko adinekoengan dituen ondorioei aurre egiteko.

Azken aldian bizi izan ditugun salbuespenezko egoeren ondorioz, etxeko konfinamenduan zehar adineko zenbait pertsonak eta dinamizazio zerbitzuaren erabiltzaileek arreta eta laguntza psikologikoa behar zutela ikusi zen. Eskaera horri erantzuteko Batera programa abiarazi da, pertsona horiei zuzendutako laguntza psikologikoko zerbitzua. Horren helburua da egoerak sor ditzakeen ondorio psikoemozionalei erantzutea.

Egungo neurriak konfinamendu garaian egon zirenekin alderatuta hain murriztaileak ez diren arren, egoerak ziurgabetasuna sortzen jarraitzen du, eta, testuinguru horretan, adinekoak dira pandemiaren aurrean ahulenak diren kolektiboetako bat.

45 eta 60 minutu arteko banakako saioak dira eskaintzen direnak, arratsaldez eta aurrez adostutako ordutegian. Saio horietan, arlo horretan esperientzia duen psikologiako profesional batek zerbitzuaren hartzaileak entzun, lagundu eta orientatuko ditu. Saio horiek aurrez aurre, telefonoz edo bideo dei bidez egin ahal izango dira.

Programa hau udalerriko 60 urtetik gorako pertsona guztientzat dago zabalik, baldin eta Covid-19 pandemiaren ondorioengatik ondoeza edo arazoren bat agertzen badute. Zerbitzu hori otsailetik ekainera egongo da martxan, eta Osakidetzako osasun zerbitzuen eta Udaleko gizarte zerbitzuen laguntza izango du kasuak detektatzeko eta bideratzeko orduan.

Hauek dira programaren laguntza gai nagusiak: Bakardadearen kudeaketa, emozioen kudeaketa, gizarte trebetasunak eta komunikazioa, aurre egiteko estrategiak, emozioak erregulatzeko estrategiak (erlaxazio teknikak, pentsamendu negatiboen kontrola), eta bizi ohitura osasungarriak (elikadura, loa, ariketa fisikoa).

Programa honetan izena ematea doakoa da eta 94.401.05.45 telefonoan egin daiteke jendaurreko ordutegian (astelehen, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara). Zerbitzu honi buruzko zalantzarik edo galderarik izanez gero, zenbaki honetara dei daiteke edo helbide elektroniko honetara idatz daiteke: personasmayores@galdakao.net.