Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaoko Udalak kultur ondarearen katalogoa aurkeztu du, herriko ondarea babesteko asmoz

Beste batzuk   2023/01/25

Galdakaoko kultur ondarearen eta babestu beharreko elementuen katalogoaren aurkezpena egin da gaur prentsaurrekoan. Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Olaia Parra Galdakaoko Udaleko Kultura zinegotziak eta ondarean eta historian adituak diren Jesus Muñizek, Edu Madinak eta Xabier Valenciak eman dituzte katalogoaren nondik norakoak, udal gobernua osatzen duten lau taldeetako bozeramaileek lagunduta. 


Katalogoaren onarpen fasea pasa den abenduko osoko bilkuran onartu zen udal talde guztien aldeko botoekin; halaber, horren aurretik lantalde bat osatu zen Galdakaoko adituekin, ostean, katalogazio eta sailkapen lana arkitektura talde bati eskatu zitzaion katalogoaren hasierako proposamena egin zedin. Behin hori eginda, espedientea txosten teknikoz hornitu, osatu eta berrikusi ondoren, osoko bilkurak onartu zuen. 


“Urteetan ikusi da herriko ondarea desagertzen joan dela”, adierazi du Iñigo Hernando alkateak, eta helburua hori saihestea dela: “erakin eta monumentuak babestea, ez eraisteko”, Gandasegiren etxearekin gertatu zena ez errepikatzeko. Hori berma dadin, katalogoko eraikin eta monumentuei oinarrizko babespen maila ezartzea proposatu du Udalak. 


Hala ere, proiektuak baditu beste helburu batzuk ere, Olaia Parrak azaldu duenez: dokumentatzea eta inbentarioa egitea; ondareari buruzko legea betetzea eta “gure ondarea zabaltzen laguntzea” haren balioa nabarmenduz. “Gure ikuspuntutik, inbentariatzeko eta katalogatzeko lanari esker, gure ondarea kalitatez hedatu ahal izango da”, adierazi du. 


Horretan laguntzeko, erakusketa jarri da Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan eta hiru astez egongo da. Bertan katologoak jasotzen dituen 67 eraikin, monumentu eta eraikin multzoak ikusgai egongo dira (orain arte 14 bakarrik egon dira katalogatuta) eta gainera, interesa dutenekin informazio bilerak egiten ari dira katalogoaren berrikuspen eta hobekuntza posibleak jasotzeko. Era berean, informazio hitzaldiak ere prestatuko dira. 


Bien bitartean, interesdun guztiekin informatzeko eta komunikatzeko tartea zabalik dago; beraz, euren propietateak katalogatzeko proposatzen den jabe guztiek jakinarazpen bat jasoko dute onarpen horren berri izan dezaten eta katalogorako sortutako fitxa espezifikoaren bidez informazio zehatza emango zaie. Helegiteak aztertu eta beharrezko aldaketak egin ondoren bihurtuko da katalogoa behin betiko. 


Prentsaurrekoan egon diren adituek balioan jarri dute Galdakaoko ondarea eta Udalak egindako urratsa eskertu dute. Jesus Muñizek adierazi du hasierako pausua besterik ez dela eta lan handia dagoela oraindik egiteke, baina nabarmendu du badela garaia galdutako ondareagatik penatuta egotetik dugun ondarea balioan jarri, zaindu eta gozatzeko jauzia egiteko. Edu Madinak, bere aldetik, egindako lanagatik zorionak eman eta gaineratu du aspaldi egin beharreko lana zela. Balio historiko handia zuten hainbat eraikin bota egin direla gogoratu du. Xabier Valenciak ere balioan jarri ditu herriko langile-auzoak, “Euskal Herrian bakanetakoak”, bereziki Olabarrieta aipatuta. “Eraikin erlijiosoak ez ezik, arkitektura industriala eta haren inguruan sortutakoak ere babestu behar dira”, adierazi du.


Azkenik Olaia Parra zinegotziak eskerrak eman dizkie proiektuan lan egin duten aditu eta teknikariei, eta baita Klik eta Klik argazkilarien elkarteari ere, argazkiak lagatzeagatik. 

Kultur ondarearen katalogoa