Igo
  • 2018/07/20

Galdakaoko udalak kirol instalazioak erabiltzeko tasak aldatu dauz, baliabide gitxiago daukiezan persona eta familientzako hobariak barne

Galdakaoko udalbatzak, barikuan, uztailak 20, egindako osoko bilkuran, Kirol Arloko tasak berrikusteko gobernu-taldearen proposamena onartu dau.


Aldaketa hau EAJ-PNV eta PSE-EE udaltaldeen aldeko botoakaz egin dau aurrera. Ganerako udaltaldeek aurka bozkatu dabe: EH Bildu, Galdakao Orain, UH, Irabazi eta PP.


Berrikuspen honen ondorioz, hilero ia euro bi igongo dira kirol instalazioetan sartzeko familien abonoan, ondoko helburuakaz:


. Baliabide gitxiago daukien personei eta familiei laguntzeko hobariak egokitzea (Lanbidearteko Gitxieneko Soldata baino diru-sarrera gitxiago daukien personentzat %70eraino eta onuradunak izan leikezanen kopurua handitzeko bederatzi hobari mota sortuz).


. Inguruko udalerrietan daukiezan prezioakaz bat etortea (orain 119 euro dira urteko familiako abonorako, Etxebarrin, ostera, 135 eurokoa da, edo Basaurin, 160 euro).


. Ikastaroen tarifak errealidade barrietara egokitzea, matrikulazio-unidade barriak eskainiz, diziplina bakotxaren asteko ordu-kopuru handiagora edo txikiagora joan ahal izateko interesaren arabera.


"Gehikuntza proposamen honek, helburu honeek izateaz gain, erabiltzaileek zerbitzuaren kostua apur bat gehiago euren gain hartzeko litzateke. Gogoratu behar da hiru urte daroaguzala tasak izoztuta. Orain, gehikuntza honegaz euro bi baino ez da igongo hilero, orain arte, galdakoztar guztiek, euren zergakaz, kirol zerbitzuaren kontuaren %73 ordaintzen ebela. Tasakaz %22 solik estaltzen da", justifikatzen dau, Koldo Goioaga, Kirol arloko zinegotziak.


"Niretzat, etenbako hobekuntza da gakoa. Instalazioak eta zerbitzuak eten barik gagoz hobetzen eta eguneratzen. Zazpi kirol-inguru daukaguz, beste udalerri batzuek eremu bakarrean edo bitan daukien bitartean, eta horrek asko handitzen dau inbertidu beharra hobekuntzak egiterakoan zein funtzionamentuan", gaineratzen dau Goioagak.


Kirol arloko zinegotziak azken inbersinoak gogoratzen dauz: "Obra Urretako sabaian itoginak kentzeko, obrak Usansoloko frontoian, bedarra barriztu da Urretan eta Unkina. Gainera, 2018an, inbersino garrantzitsuak aurreikusita dagoz, zerbitzuaren etenbako hobekuntzaren ildoan".