Igo
  • 2020/04/06

Galdakaoko Udalak jaiei begira musika zaletasunei buruz galdetuko die herritarrei

Galdakaoko Udalak musika zaletasunei buruzko inkesta bat ireki du gaur, apirilak 6, herriko jaiei begira.


Galdeketa honen bitartez galdakoztarrek irailean Santakurtzetan egingo diren kontzertuetan ikusi eta entzun nahi dituzten musika taldeak eta musika estiloa proposatzeko aukera izango dute.


Inkesta honetatik ateratzen den musika taldeen zerrendarekin, kontzertuak aurreikusten diren egun bakoitzerako emanaldien proposamen bat egingo da. Proposamen horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:


▶️ Emakumeen presentzia bermatzea: musika proposamenen% 50ek, gutxienez, emakumeen presentzia esanguratsua izan beharko dute.


▶️ Euskararen presentzia bermatzea: gutxienez musika proposamenen % 50ek euskaraz abesten dutela ziurtatu beharko dute.


▶️ Musika-estilo desberdinen presentzia


▶️ Hainbat adin talderi zuzendutako musika emanaldiak egongo dira


▶️ Kontzertuetako bat talde "indartsu" batena izango da, Euskal Herrikoa zein kanpokoa.


Egun bakoitzerako programazio-proposamen hori Jai Batzordera bidaliko da, eta batzorde horretako kide diren elkarte guztiek erabakiko dute, bozketa bidez.


Inkestak lehen fase honetan honako galdera hauek jasotzen ditu:


✅ Santakurtzetako jaietan zein musika taldek jotzea nahiko zenuke? (gutxienez hiru talde adierazi)


✅ Zein musika estilo izan beharko litzateke nagusi jaietako musika egitarauan?


✅ Besterik/Iradokizunak (kontzertu horiek aukeratzerakoan zure ustez zer hobetu beharko litzatekeen azaltzeko komentario bat gehitu dezakezu)


Parte-hartze horren emaitzak bermatzeko, inkestak pertsona bakoitzeko boto bakarra jasoko du. Proposamenak onartzeko epea apirilaren 19an, igandean, amaituko da.


Parte hartzeko, hemen duzu inkestaren esteka: https://www.galdakao.eus/inkesta/