Igo
  • 2020/05/06

Galdakaoko Udalak hiru milioi euro banatuko ditu alarma egoerak kaltetutako herritar eta enpresa txikien artean

Alarma egoerak herritarrengan eragin duen kalte ekonomiko handia arintzeko helburuz, hiru milioi euro bideratuko ditu Galdakaoko Udalak egoerari aurre egiteko laguntzetara. Bi fasetan banatuko dira laguntzak: lehenengoan 1.800.000 euro laguntza zuzenen bidez banatuko dira, eta, bigarrenean, 1.200.000 euro zuzenduko dira enplegu planetarako.


Lehen faseari dagokionez, hiru lerrotara bideratuko ditu laguntzak:


Denda, ostalaritza eta pymeentzat izango da diru laguntza zuzenei dagokien lerro zabalena: milioi bat euro banatuko dira horien artean.


Familiei zuzenduta egongo den lerroak batez ere alarma egoeraren ondorioz lan gabe geratu diren familiak izango ditu jomuga. 500.000 euro banatuko dira horien artean laguntza zuzenen bidez.


Herritar zaurgarrienak laguntzeari begirakoa izango da hirugarren lerroa. Larrialdi egoeran egonik gizarte laguntzak eskatzen dituzten herritarren kopurua areagotu egingo dela aurreikusten denez, diru gehiago esleituko zaie partida horiei; 300.000 euro gehiago.


Laguntza guzti horiek arautzeko pleguak prestatzen ari da udala, dirua lehenbailehen iris dadin behar duten horiengana. Laguntzen partida bera, ostiralean diktaminatuko du Ogasun batzordeak, ondoren osoko bilkurara eramateko. Proposamenak babes handia jasoko duela espero du gainera udal gobernuak, izan ere, talde guztiak behar bezala informatuta egon diren arren oposizioko talde batek ere ez du ez kritika ez ekarpenik egin gaiaren inguruan. Osoko bilkurak partidari bide eman eta laguntzak eskatzeko epea zabaltzen denean, udalak publikoki jakinaraziko du.


Kultur mundua eta artistak laguntzeko neurriak ere jasoko dira laugarren lerro batean, kasu honetan laguntza ez zuzenen bidez. Esate baterako, emanaldia atzeratu behar izan duten artistei aurretiaz ordainduko zaie zati bat, eta herriko jai eta ospakizunetan herriko artistak kontratatzeko ahalegina egingo da. Alarma egoeraren ondorioz kultura aurrekontuan exekutatu gabe geratu den diru kopurua kulturan berrinbertitzeko konpromisoa hartuko du udalak. Bestetik, aipagarria da online bidezko kultur eskaintza sustatuko duela udalak eta 30.000 euro bideratuko dituela eskaintza hori egiteko kontratuetara.


Zeharkako beste laguntza batzuk ere jarriko ditu abian Galdakaoko Udalak. Besteak beste, terrazak jartzeagatik ostalariek ordaintzen duten udal tasa jeitsiko du, kiroldegiko urteko ordainketari kendu egingo zaio itxialdiari dagokion diru kopurua, eta bertako dendariei laguntzeko bono denda kanpaina indartsu bat egingo du.


Neurri horiei guztiei enplegu planetarako laguntzak gehituko zaizkie. Bigarren fase batean, 1.200.000 euro bideratuko dira alarma egoerak eragindako behar berriak oinarri izango dituzten enplegu planetarako.