Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaoko Udalak eta Galdakao-Usansolo ospitaleak lankidetza hitzarmena sinatu dute mugikortasun iraunkorra errazteko

Mugikortasuna eta garraioa   2022/07/28

Galdakaoko Udalak eta Galdakao-Usansolo Ospitaleak elkarlanerako akordioa sinatu dute, batetik, ospitale inguruko trafikoa arintzeko, eta bestetik, udalerrian enplegua sustatzeko. Akordio horri esker, langabezian dauden 12 herritar mugikortasun iraunkorreko agente gisa arituko dira, ospitale inguruan aparkalekuak kudeatu, herritarrei autoa uzteko leku libreak bilatzen lagundu, informatu eta intzidentzien berri emateko.

Ospitalean bertan sinatu dute hitzarmena, gaur goizean, bi erakundeetako ordezkari nagusiek: Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Jon Guajardo ospitaleko zuzendari gerenteak. Bertan izan da ere Jose Luis Bernal, Galdakaoko Udaleko Enplegu zinegotzia.

Hitzarmenaren ondorioz, langabezian dauden 12 galdakoztarrek lanpostua izango dute urte erdiz. Galdakaoko Udalak sustatutako Enplegu Planaren baitan kokatzen dira lanpostu horiek, sei hilabeteko iraupena izango dute, eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituztenak lagunduko ditu. Ondorioz, lanean arituko direnek Galdakaon erroldatuta egon behar dute, langabezian, eta Lanbiden izen emanda. Baldintzarik zaurgarrienetan daudenek lehentasuna izango dute.

Dagoeneko amaitu da datozen sei hilabeteetan lanean arituko direnen hautatze fasea eta formazioa jasotzen ari dira orain. Ondoren, abuztu amaiera aldean hasiko dira kaleko lanean, abenduaren erdi aldera arte. 

Bai Hernando eta bai Guajardo gustura azaldu dira hitzarmenarekin, eta orain arteko elkarlanean jarraitzeko prestutasuna azaldu dute.