Igo
  • 2018/05/16

Galdakaoko Udalak bere webguneko memoria historikoa berreskuratzeari buruzko gunea aurkeztu du

Galdakaoko Udalak memoria historikoa berreskuratzearen aldeko lanak aurkezteko gune propio bat sortu du bere webgunean (www.galdakao.eus). Lanok instituzioaren beraren, Galdakao Gogora elkartearen eta sozietate zibilaren ekarpenen emaitza dira.


Errupin Jauregi zinegotziak eta Herritarren Arreta eta Komunikazioko zuzendari Cirilo Dávilak azaldu dute zortzi hilabetetan sortutako microsite horren edukia. Gunea ekimen aitzindaria da eskualdean, eta helburua da lan horiek era ordenatuan eta jendeak erabiltzeko modu errazean argitaratzea.


Errupin Jauregik azaldu duenez, «2006. urteko ekainean, Galdakaoko Udalak gure udalerrian memoria historikoa berreskuratzearen aldeko adierazpen instituzional bat onartu zuen. Ordutik, zenbait ekimen sustatu dira, tokiko erakundeak ez ezik, Galdakaoko biztanleek ere babestu dituztenak, adierazpen instituzional horren funtsean aurreratzen jarraitzeko».


Hau azaltzen da gune horren hasiera-orrian: «memoria historikoa berreskuratzearen helburua da herriek, iraganak irakatsitakoaz, etorkizunari aurre egin ahal izatea; demokraziarako, bakerako eta gerren aurkako prestakuntza eta heziketa didaktikorako ariketa praktiko bihurtuz».


Galdakaoko Udalaren webgunearen atal horretan, gure udalerriaren oraintsuko historia ulertzen laguntzen duten lanak bildu eta publikoki partekatzen ditu Udalak.


Cirilo Dávilak guneko atalen berri eman du:


Berriak. Bertan, hemeroteka moduan biltzen dira Udalaren webgunean memoria historikoa berreskuratzeari buruz argitaratzen diren albisteak.



. Burdin Hesia.
Burdin Hesiaren Galdakaoko zati batzuk erakutsi eta bertako gertaera garrantzitsuak adierazten dira (babesleku militarra, lubakiak, etab.), gertaera horien inguruko informazioarekin eta infografia- eta dokumentazio-lanarekin.



. Artxibatze historikoa.
Argitalpenak, musika-lanak eta lan instituzionalak erakusten dira, errazago ezagutu eta kontsultatu ahal izateko. Horrez gain, ikerketa-lan batetik ateratako argazkiak biltzen dira, bai eta bideoak ere, tartean, bideo-mappinga eta Josi Sierra galdakoztarrak egindakoa.



Kontaktua. Material edo dokumenturen bat ekarri nahi dutenek Udalarekin harremanetan jartzeko bidea da, hala, webguneko atal hori edukiz betetzen jarraitzeko eta publikoki partekatzen jarraitzeko.