Igo
  • 2020/04/08

Galdakaoko Udalak bere horretan mantenduko du etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua eta herritarrei kalean traste handiak ez uzteko eskatu die

COVID-19 birusak eragindako alarma-egoera hasi zenetik, Galdakaok lanean izan ditu une oro etxeko hondakinak biltzeko zerbitzu guztiak, funtsezko jardueratzat sailkatu diren heinean.


Egoera honetan ezarritako neurrien ondorioz, zenbait aldaketa egin dira zerbitzuak hobetu eta optimizatzeko; hala nola, bilketa batzuen maiztasuna handitzea edo bilketa pneumatikoko buzoiak eta edukiontziak garbitu eta desinfektatzea. Horrekin batera, segurtasun-neurriak inplementatu dira; esaterako, ibilgailu laguntzaile bat erabiltzea, zerbitzuan lan egiten dutenek ibilgailu berean elkarrekin joan beharrik izan ez dezaten.


Bilketa-zerbitzuari dagokionez, arazoak sortzen ari dira egunotan edukiontzien ondoan utzi diren tamaina handiko hondakinen kopuru handiaren eraginez, izan ere, bilketa-lana zailtzeaz gain, edukiontzien erabilera eragotzi die herritarrei, baita edukiontziak garbitu eta desinfektatzeko lanak ere. Horregatik, udalak dei egin nahi die herritarrei, egungo konfinamendu egoeran, horrelako hondakinik kalean utz ez dezaten, izan ere, kontuan har daitezkeen salbuespen batzuk gorabehera, ez da premiazkotzat jotzen mota horretako hondakinak botatzea. Era berean, udalak herritarren laguntza eskertu nahi du esparru honi dagokionez.


Premia oso larria izango balitz, udalak traste handiak biltzeko zerbitzua ematen jarraituko luke, baina betiere horretarako erreserbatuta dauden egunetan (astelehen gauetan hiriko erdialdean, eta astearte gauetan gainerako auzoetan), eta aldez aurretik horrelako hondakinak uzteko baimena ematen duen hirigintza zerbitzura deituz (944010500). Horren harira, zerbitzuak gogoratu nahi du ahalik eta gehien zehaztu behar dela zer utzi nahi den kalean, premia baloratzeko eta hondakinak biltzeko instalaziora egin beharreko bidaiak antolatzeko.


Gainerako zerbitzuak jardunean mantenduko dira, bai Galdakaoko Udalak zuzenean kudeatzen dituenak (errefusa, papera-kartoia, organikoa), bai kanpoko enpresei dagozkienak (beira, ontziak, tresnak, olioa). Horrekin batera gogoratu behar da Garbiguneek itxita jarraituko dutela egun hauetan.