Igo
  • 2020/11/12

Galdakaoko Udalak bat egin du Euskaraldiarekin; Ahobizi edo Belarriprest izateko deia egin die langileei, eta udalaren 16 zerbitzu Arigune izango dira

Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Aurreko edizioaren antzean helbururik behinena hizkuntza-ohituretan eragitea da, euskararen erabilera handitze aldera. Alabaina, edizio honetan fokoa herritarrengan ez eze erakundeetan ere ipini da. Hala, aurtengo edizioan dei berezia egin zaie Euskal Herriko entitate eta erakundeei ariketan parte hartzera, euren eremuetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsak egiten has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.


Erakundeen (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar) parte hartzea, hein handi batean, Arigune izeneko eremuaren bitartez egingo da. Entitateek, beraz, euren espazioaren azterketa egin eta euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatu behar izango dituzte. Hartara, Ariguneetako kideak euskara ulertu edo berba egiteko prest egongo dira, eta, bertaratzen direnek, ostera, Arigune identifikazioa ikusirik, jakingo dute bertan euskaraz aritzeko modua izango dutela.


Galdakaon 120 Arigune inguruk eman du izena Euskaraldian parte hartzeko, horietarik 16 Galdakaoko Udaleko zerbitzuak izango dira, bereziki herritarren arreta-guneak: Alkatetza-Idazkaritza, Esan bulegoa, Giza Baliabideak, Gizarte Ongizatea, Kiroldegiak, Kultura, Gazteria eta Berdintasuna, Liburutegiak, Maximo Moreno musika eskola, Udal Euskaltegia, udalerriko ludoteka eta topaguneak eta Udaltzaingoa. Arigune izateko konpromisoa hartzeaz gain, zerbitzuotako langileek hizkuntzen kudeaketarako trebakuntza jasotzen ari dira, eta denporarekin Udaleko langile eta ordezkari politiko guztiek jasotzea da asmoa.


Bestetik Euskaraldiaren eragilerik zuzenenak, aurreko edizioan bezalaxe, norbanakoek eurek ebatzitako Ahobizi eta Belarriprest rolak izango dira. Honako konpromisoa hartuko dute Ahobizi direnek: «euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dut uneoro. Hizketan beti euskaraz hasiko naiz, aurrekoak euskaraz ez duela ulertzen esaten didan arte. Gazteleraz erantzuten badit ere, eta euskara ulertzen badu, nik euskaraz hitz egiten jarraituko dut». Aldiz, Belarriprest rola aukeratu duenak honakoa agindu du: «niri euskaraz hitz egitea nahi dudala adieraziko dut, eta nik erabakiko dut noiz eta norekin egin euskaraz. Baliteke euskaraz ongi jakitea, baina hainbat arazoagatik, ezin dut konpromisoa hartu euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egiteko».


Galdakaoko Udalak Ahobizi edo Belarriprest izatera deitzen ditu herritar guztiak, eta gonbidapen horixe egin die udaleko langileei, gutun bana bidalita.