Igo
  • 2018/07/03

Galdakaoko Udalak 810.000 eurora arte zabaldu du Enplegu Plana, urrian beste 46 lagun kontratatzeko

Galdakaoko Udalak langabezian dauden eta Lanbidek ezarritako baldintzak betetzen dituzten berrogeita sei pertsona kontratatuko ditu urritik aurrera, Galdakaoko Udalak sustatutako eta Lanbidek diruz lagundutako Enplegu Plan berrian. Iaz baino 168.000 euro gehiago bideratu dira plan horretara, 810.000 eurora arte iritsiz.


Lan-kontratuak lanaldi osokoak izango dira eta 6 hilabeteko iraupena izango dute, 2018ko urriaren 1etik 2019ko martxoaren 31ra arte. Lanbidek aukeratuko ditu pertsonak, langabezian dauden eta lan-eskatzaile bezala izena emanda dauden pertsonen artetik.


Lau proiektu abiaraziko dira uda ondoren. Kontratatutako pertsonak zenbait esparrutan arituko dira: bide eta eremu naturalen mantentze-lanak; parkeak, eskola-inguruak eta ospitalea zaintzeko lanak; hiri-espazioen mantentze- eta apaintze-lanak; eta hiri-altzariak mantentzekoak.


Uneotan, Galdakaoko Udalak ireki egin du lau proiektu horiek gauzatuko dituzten erakunde espezializatuek laguntzak eskatzeko epea. Proiektuok gauzatzeko langabezian dauden Galdakaoko herritarrak kontratatu beharko dituzte.


«Udalerri mailan enplegua sustatzeko jarduerekin aurrera jarraitzen dugu horrela. Lau proiektu hauek bi helburu dituzte: alde batetik, Galdakaon bizi garenon bizi-kalitatea hobetzea, udalerriko bideak eta eremu naturalak, hiri-espazioak eta -altzariak egoera ezin hobean mantenduz», adierazi du Fernando Izagirre alkateordeak, Txema Larrazabal enpleguko zinegotziarekin batera ekimena aurkezteko antolatutako ekitaldian.


«Prestakuntza- eta enplegu-plan bat da, lanpostuan aritzeko gaikuntza ematen duen prestakuntza, hain zuzen ere. Kontratazioei dagokienez, aipatu behar da lanaldi osokoak direla», nabarmendu du Larrazabalek, eta esan duenez, «ekimen ugari abiarazi ditugu enplegua sortzeko, eta datuek adierazten digute ildo horretan lan egiten jarraitu behar dugula. Gure helburua Galdakaoko langabezia murrizten jarraitzea da».


Enplegu Planean landuko diren lau proiektuak hauek dira:


1. proiektua. «Hiri-espazioen mantentze- eta apaintze-lanak»


5 lagun kontratatzea aurreikusten da.


2. proiektua. «Agente zibikoak»


15 lagun kontratatzea aurreikusten da. Eskola-ikasleei eskolara joaten lagunduko diete eta parkeak eta lorategiak zainduko dituzte. Halaber, Galdakaoko ospitalearekin elkarlanean arituko dira, bertako sarbideetan eta aparkalekuan lagunduz.


3. proiektua. «Berdeguneen kontserbazioa eta mantentze-lanak»


12 lagun kontratatzea aurreikusten da. Beste lan batzuen artean, Enplegu Berdearen Planean lanean hasi diren pertsonek basoberak garbituko dituzte sastrakak moztuz, bideak eta hesiak konponduko dituzte, eremu naturalak basoberrituko dituzte, landare inbaditzaileak kenduko dituzte eta basogintzako zenbait lan burutuko dituzte.


4. proiektua. «Multilaguntzako lantaldea: Hiri-altzariak»


14 lagun kontratatzea aurreikusten da. Beste lan batzuen artean, multilaguntzako lantaldean lanean hasi diren pertsonek hiri-altzariak (bankuak, paper-ontziak, etab.) berreskuratu, garbitu eta egokitzeko lanak egingo dituzte.