Igo
  • 2021/11/18

Galdakaoko udal kiroldegietako abonatuek beste 54 herritako kirol instalazioak erabil ditzakete gaurtik aurrera, doan

Galdakaok bat egin du KirolTxartela Mugiment txartel birtualarekin, eta horri esker, Galdakaoko kiroldegietara abonatuta dauden herritarrek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako beste 54 udalerritako kirol instalazioetara joateko aukera izango dute, doan.


Erabiltzaileentzat ez du kostu gehigarririk izango sistema berriak, eta aldiz, eskaintza nabarmen handiagoa izango da. Hain zuzen, udalerri guzti hauetako udal kiroldegietako instalazioak erabiltzeko aukera izango dute Galdakaoko abonatuek: Bilbo, Basauri, Etxebarri, Arrigorriaga, Zamudio, Larrabetzu, Sondika, Derio, Zornotza, Durango, Elorrio, Berriz, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Bakio, Urduliz, Getxo, Gorliz, Sopela, Erandio, Bermeo, Gernika, Lemoa, Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Ugao-Miraballes, Laudio, Amurrio, Oņati, Eskoriatza, Bergara, Arrasate, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Getaria, Orio, Zestoa, Azpeitia eta Zumarraga.


Herri horietako bakoitzak erabakitzen du zein zerbitzu eta zein ordutegitan zabaldu gainerako herrietako erabiltzaileentzat, beteta egoten diren ordutegietan instalazioak gehiago bete ez daitezen. Galdakaoren kasuan, Urretako kiroldegia goizez egongo da zabalik beste herrietako kideentzat astegunetan eta arratsaldez asteburuetan. Unkinan egun osoan zehar erabili ahalko dute kiroldegia astegunetan, eta asteburuetan, arratsaldez soilik. Elexaldeko igerilekuetan ezin izango da sistema hau erabili.


Esan bezala, zerbitzua doakoa izango da leku bakoitzak zehaztutago egun eta orduetan, baina, erabili ahal izateko, aktibatu egin beharko da txartel birtuala izango dena: telefono mugikorra. Beraz, KirolTxartela Mugiment programa instalatu behar da mugikorrean, horretarako sortutako webgunearen bidez.


Sistema aktibatzeko, herri bakoitzaren eskaintza ikusteko zein bestelako informaziorako: https://kiroltxartela.eus/eu