Igo
  • 2019/09/03

Galdakaoko Santakurtzen kartel-lehiaketara 22 kartel aurkeztu dira, aurreko urtean baino 10 gehiago

Borja Sánchez Colladok berriz irabazi du aurten jaietako kartelaren lehiaketa. Konposizio-eremu osoa oso ondo erabili du. Lana zenbait mailatan prestatu du, eta horrek ikuspegia eta sakontasun ematen dizkio eszenari; horretarako, gorri eta berdeen gama ezberdinak erabili ditu, baita forma geometriko lauak ere, eraikinak eta eszena gertatzen den tokia oso ondo identifikatzeko balio dutenak.


Erabili duen tipografia ere nabarmentzekoa da; lerro garbi eta argiak ditu, euskal tipografia gogora ekarrita nolabait, baina forma fin eta minimalistagoekin. Kartelaren beheko aldean pregoilarien bizkarrekin osatutako eremu zuria erabili du, orobat. Oso garbia eta irakurterraza da.


Jaietako oso une garrantzitsu bat hartu du osagai nagusitzat: txupinazoa, udaletxeko balkoitik begiratuta, herriari -galdakoztarrei- eta pregoilariei protagonismoa ematearren, kartelaren goiko aldean sotiltasunez ageri den mozoloaren begiradapean.


Xehetasunak ere ederto zaindu ditu, hala nola udaletxeko baranda, zapi morea, txapelak, mozoloa eta abarrak, eta garrantzia sotiltasun eta dotoreziaz eman die horrelakoei. Laburbilduz, kartela kalitate artistiko eta teknikoagatik zein osagaiak zehaztasunez erabiltzeagatik gailentzen zaie gainerakoei, eta mezua argi helarazten du, Galdakaoko jaien iragarpena, alegia.


Kartelaren goiburua «Balkoitik festara begira» izan da, eta 1.000 euroko saria irabazi du.


Bigarren kartela


Kartelak oso ondo darabil ilustrazioaren teknika, eta keinu egiten dio komikigintzari. Kartel alaia eta dinamikoa da, eta atzealdean ageri dira jaietako osagai nagusiak, hala nola lagun taldeen igoera, gastronomia-lehiaketak, musika, txupinazoa, buruhandiak. Protagonismoa, halere, Galdakaoko sinboloak du: mozoloak. Femeninoa oraingoan. Era tradizionalean jantzita.


Konposizioaren ikuspegitik ondo burututa dago, eta haren osagai guztiek (goiburua, mozoloa...) kartel fresko eta alaia itxuratzen dute. Arkaitz Aranguren ugaotarrak egin du, eta 400 euro irabazi ditu horri esker.


Kartela (mozolo moreak)


Kartelak ohikoa hausten du; hots, mozoloaren ikurra darabil, baina modu errepikakor batez, eta haren forma eta koloreek giro nolabait surrealista sortzen dute, lortzen duen efektuagatik ematen baitu mozoloen begiradak mugitu ahala jarraika duzula. Indar handiko kartela da: mozolo femeninoen batasunaren indarra (keinu feminista argia da, eta horren balioa nabarmendu beharra dago gizartearen eta haren aldarrikapenen egoera kontuan hartuta).


Eslogana (goiburua) kartelaren beheko aldean dago, zuriz dagoen eremu batean, eta erraz irakurtzen laguntzen du horrek. Bi tipografia erabili ditu informazioa bereizteko, eta nolabaiteko dinamismoa lortzen du horri esker.


Lehen galdakoztarraren kartel sariduna da (akzesita) Josune Martinez, «Mozolo pilo» lanarekin eta 400 euroko saria du.


Haur mailako kartela


Haur mailako kartelaren irabazlea Uxue Ferreiro da.