Igo
  • 2019/03/01

Galdakaoko inauteriak Mozolloker bihurriagaz datoz martiaren 1etik 5era

Mozolloker, herriko gatx guztien erruduna barriro etorriko da Galdakaoko 2019ko inauterietara, martiaren 1etik 5era.


PROGRAMA


Jai-programa martiaren 1ean, barikua, hasiko da txikientzako inauteri-tailer bategaz (17:30ean), baina benetako hasiera desfileagaz hasiko da, 19:00etan, Plazakoetxetik Kurtzeko plazara.


"Honezkero, eta horrenbeste urteren ostean, Mozolloker pertsonai kuttuna bihurtu da galdakoztarren artean. Errealidadea satiraz janzteko erabilten dogu, baita umorea barra-barra zabaltzeko be, herritarren parte-hartze garrantzitsuari esker", azpimarratzen dau Ainhoa Agirregoikoa, Kultura arloko zinegotziak, Udalaren Kultura Arloak herriko alkarteakaz batera antolatuko programazioaren aurkezpenean.


Ainhoa Agirregoikoak nabarmendu dau "eguneroko ordenamentuari burla egiten jakola eta herrian jazotako zoritxar guztien erruduna bilatzen dala. Horregatik, oso karu ordainduko dau, hurrengo bizi-zikloa barriro garbi hasi daiten. Galdakaon Mozolloker da errudun hori eta, urtero lez, inaute-asteartean surtan erreko da", gogoratu dau Kulturako zinegotziak.


Mozolloker 1992an sortutako pertsonaia da, Hezkuntza eta Euskara zerbitzuak bultzaturik, herriko kultur taldeen laguntzari esker, kasurako, Andra Mari Dantza Taldea, herriko totemari (mozoilo) lotutako irudia iradoki ebanean. Mikel Zamalloa izan zan lehenengoz gure pertsonaiaren zirriborroa aurkeztu ebana eta, Jesus Uranga, panpinaren egile/sortzaile materiala, urte haretatik Galdakaoko inauterien ikur bihurtu dana.


Era berean, balioan ipini behar da, hurrengo urtean, 1993an, Juan Carlos Irizar, sasoi hartako udal bandaren zuzendariak "Galdakaoko inauteriak" izeneko pieza konposatu ebala. Ez da horren ezaguna, baina urtero inauterien hasieran jotzen da. Konposizio hori Santa Ageda bezperan Zeberion kantetan eben partitura txiki batean oinarrituta dago; berori be, Mikel Zamalloak helarazotakoa da.


Aurten, 2015ean has izan moduan, Mozollokerren aurkezpena egingo da eta, egun batzuk geroago, inauterietako azken egunean, azalduko da, lehenago egiten ziran tarteko epaiketarik egin barik.


Inauterietako desfilean parte hartu gura daben taldeek otsailaren 26ra arte apuntau behar dira, Torrezabalen.


Era berean, Usansolon aurreikusitako jarduerak eta Urretan antolatu dan inauterietako jaia, 3 eta 15 urte arteko ume eta gazteentzat, elementu interesgarriak dira Galdakaoko programazioan.


"Programa eduki handiaz eta anitzaz bete nahi izan dogu. Aldi berean, eskerrak emoten deutsieguz lagundu daben alkarte guztiei", azpimarratu dau Agirregoikoak.


Programa ikusteko, udal web-orrian:


www.galdakao.eus