Bilatzailea:

Hasiera |

Berriak

Berriak

Galdakaoko ikasleek urtean zehar ingurumenaren arloan egindako lanak, hartutako konpromisoak eta proposamenak azaldu dizkiote Iñigo Hernando alkateari

Iraunkortasuna   2025/06/05

Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek 7 proposamen eta ekintza eraldatzaile bat aurkeztu dituzte

Gaur Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, osasunari eta planetari eragiten zaion kutsadura murrizteko beharraren inguruan hausnarketa egiteko eguna. Efemeridearekin batera, Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten herriko ikastetxeetako ikasleei harrera egin die Galdakaoko Udalak. Ikasleek ikasturtean zehar gai honen inguruan egindako lanketa aurkeztu diete Udal ordezkariei.

Horiek Udaletxeko osoko bilkuren aretoan bildu dira Iñigo Hernando alkatearekin eta Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikariarekin, eurei ingurumenaren arloan urtean zehar egindako zereginak eta hartutako konpromisoak aurkezteko. Ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: baratze ekologikoa landatzea, egurrezko bankuei bigarren bizitza ematea edo natura bisitatzea; konpromisoen alorrean, berriz, ikastetxeetan hegaztientzako habiak jartzeko, sentsibilizazio kanpainak egiteko, plastiko gutxiago erabiltzeko eta gehiago birziklatzeko konpromisoa hartu dute gazteek, adibidez.

"Oso garrantzitsua da gazteen ikuspuntua eta iritzia ezagutzea, beste ohitura batzuk baitituzte, kasu honetan hobeak", ziurtatu du Hernandok. “Horiek ezinbestekoak dira gainerako pertsonengan ‘klik’ egiteko". Tellaetxeren esanetan, "sentsibilizazio hori gainerako herritarrei helaraztea beharrezkoa da”, eta Udala bide hori gidatzeko etengabeko lana egiten ari da. 

 

Proposamenak

Ikasturtean zehar egindakoa aztertzeaz eta hartutako konpromisoen berri emateaz gain, ikasleek Galdakao jasangarriagoa eta ingurumena errespetatzen duen Herri bihurtzeko proposamenak azaldu dituzte.

Honako proposamen hauek aurkeztu dituzte:

1.    Hiriguneetan zuhaitz gehiago landatzea, itzala emateko eta biodibertsitatea errazteko

2.    Berdegune irisgarri eta zaindu berriak sortzea, herritar guztien gozamenerako

3.    Landareak eta animaliak zaintzeko jarduerak antolatzea, espezie inbaditzaileak desagerraraztea barne

4.    Baratze komunitarioak sortzea, auzotarrek eta ikastetxeek parte har dezaten

5.    Egungo ingurumen arazoei buruzko prestakuntza saioak antolatzea herritarrentzat

6.    Galdakaoko baso eta eremu naturalen mapaketa egitea eta emaitzak erakusketa iraunkor batean aurkeztea

7.    Naturaren errespetua eta zaintza sustatzeko informazio kanpainak diseinatzea eta ezartzea

Gainera, aurten ikasleek ekintza eraldatzaile bat aurkeztu dute: hiriko biodibertsitatearen garrantziari eta beste ingurumen arazo batzuei buruzko sentsibilizazio kanpaina bat antolatzea.

Horri dagokionez, udal ordezkariek "aurreko urteetan bezala, etorkizunean seguraski gauzatuko diren ideia oso baliotsuak" entzun dituztela aitortu dute. Hala, amaitzeko, ikasleen ekarpenak eskertu dituzte eta zera onartu dute: "hainbat etxeko lan apuntatu ditugu gaur; horrek esan nahi du hausnarketa handia egin behar dugula eta etorkizunera begira aurretik lan asko daukagula egiteko”.