Igo
  • 2019/11/22

Galdakaoko Hiri Mugikortasun Planari buruzko batzar irekiek aurrera jarraitzen dute

Joan den asteazkenean Aperribai auzoan egindako lehen asanblada irekiaren ondoren, datorren astean ere, udalak Galdakaoko Hiri Mugikortasuneko Plan Integralaren oinarriak ezagutzera emateko batzar irekiak egingo ditu auzoetan. Gainera plan horren inguruan herritarren ekarpenak jasotzen jarraituko du.


Hain zuzen ere, hauek dira aurreikusita dauden asanblada irekiak:


📅 Azaroak 25, astelehena, 18:30ean, Usansoloko Txapelenan. (Usansolo, Gorozika, Bekea eta inguruko auzokideei begira).


📅 Azaroak 27, asteazkena, 18:30ean, udaletxeko osoko bilkura aretoan. (Zugatzu, Elexalde, Berezikoetxe, Iberluze, Torrezabal eta ingurukoei begira).


Horrela, Galdakaoko Udala Hiri Mugikortasuneko Plan Integrala egiteko pausuak ematen ari da, ezarri dituen honako irizpide orokorrei jarraituz: iraunkorra nahi du ingurumenari dagokionez, inklusiboa, eta genero ikuspegia barnebiltzen duena. Horrek zer esan nahi duen herritarrei zuzenean azalduko die Maripaz Losada Mugikortasunerako zinegotziak eta Ray Mendiburu hirigintza arkitektoak. Plan integral batek zer esan nahi duen eta mugikortasunaren eta herritarren ongizatearen ertz guzti horiek osotasun batean nola bildu nahi dituzten azalduko diote herritarrei.


Herritarren beraien galdera eta zalantzei ere erantzungo diete zinegotziak eta arkitektoak. Eta horien ekarpenak jaso ere bai. "Herritarrak dira bere beharrak ondoen ezagutzen dituztenak", azaldu du Losadak.