Igo
  • 2021/05/05

Galdakaoko Enplegu Planaren bigarren faseak gure udalerriaren hobekuntzan ageriko emaitzak eskaintzen jarraitzen du

Joan zen abenduan hasi ziren beharrean Enplegu Planaren 2020ko bigarren faseko langileak. Guztira, 100 langile baino gehiago izan dira agente zibiko lanean, muralismoan eta laguntza anitzeko zerbitzuetan, udal gobernuak sortutako enplegu planetan jasotako ekimenen bidez. Ekainetik aurrera, 2021eko Enplegu Planean hautatuko diren pertsonen kontratazioa ere aurreikusten da.


Urteko lehen hiruhilekoan, gure udalerrian egindako hobekuntzak agerikoak izan dira.


Jarraian, kontratazio eremu bakoitzean nabarmenenak laburbiltzen dira:


Laguntza anitza:


Otsailean, bigarren langile taldea sartu zen hiri altzarien pintura eta mantentze lanak egiteko, eta horretan aritu dira eguraldiak ahalbidetu duen heinean. Hala izan ez denean, udal lokal eta establezimenduen barruan egin dute lan.


Mantentze lanetan jarraitzen dute. Orain arte, dozenaka eta dozenaka banku, bolardo, paperontzi eta farola margotu dituzte Bengoetxen, Urretan eta Plazakoetxen.


Agente zibikoak:


Ekimen honen bidez, 16 pertsona kontratatzen dira 6 hilabetez lanaldi osoan, balio zibikoen sustapenean eta kontzientziazioan oinarritutako lanak egiteko, gorabeherak identifikatzeko, segurtasunean laguntzeko -bereziki ikastetxeen eremuan-, Ospitaleko trafikoa errazteko eta birziklatzearekin eta ingurumen-sentsibilizazioarekin lotutako funtzioetan.


Urteko lehen hiruhilekoan, jarduera hauek egin dituzte egunero:


✅ Galdakao-Usansoloko Ospitalea: eginkizun nagusia ospitalera autoz hurbiltzen diren pertsonei aparkalekuen egoeraren berri ematea izan da, eremu honetan trafikoa errazteko helburuarekin.


✅ Ikastetxe inguruak: bereziki, eskolara oinez edo bizikletaz doazen haurrak eta haien familiak kalea modu seguruan gurutzatzen lagundu dituzte, praktika seguruak sustatuz.


✅ Gorabehera edo inzidentziak jasotzea: langile taldeek hainbat ibilbide egiten dituzte eta bertako gorabeherak jasotzen dituzte. Galdakaoko hirigunean, Aperribain eta Bekean egin dute lan hori, eta aurten Usansolon ere bai.


Eguneroko lan horiez gain, beharren araberako beste hainbat lan ere egin dituzte agente zibiko gisa ezagutzen diren langileek.



Muralistak:


Hiri artearen arloko prestakuntza eta enplegu programa proiektuan 10 gazte kontratatu dira 6 hilabetez lanaldi osoan, ofizioari dagozkion zereginak egiteko.


Esku-hartze horien helburua hiri ingurunearen egoera hobetzea izan da, ingurumen eta dekorazio lan batzuk eginez, udalerriko zenbait enklabe estrategikoen irudia hobetzen saiatuz. Estaldura artistiko horien bidez, halaber, hainbat sentsazio transmititu nahi zaizkie herritarrei.



Hauek izan dira 2021eko hiruhilekoan egindako obrak:


✅ Aranzelaiko presako tunela: mendi paisaia baten aldez aurreko diseinu bat egin zen, eta Aranzelaiko presarako bidean dagoen tunelean islatu zen.


✅ Bengoetxeko tunela: itsas paisaia bat diseinatu eta leku horretan islatu zen.


Gainera, programa berezi honek blog bat eta Instagram eta Facebook sare sozialetan profilak ireki ditu, udalerrian egindako esku-hartze guztiak dokumentatzeko helburuarekin.


Udalak Behargintzaren bitartez bideratu dituen eta Lanbidek (Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila) zati batean diruz lagundu dituen kontratazio horiek datozen hilabeteetan zabaltzea aurreikusten da.