Igo
  • 2020/11/25

Galdakaoko denda, ostalaritza eta negozio txikiek erakusleiho digital berritzailea izango dute urtarriletik aurrera: Gurean

Denda, taberna, jatetxe eta bestelako negozio txikientzat une gogorra izaten ari den honetan, horiei bultzada emango dien plataforma berritzaile bat sortu du Galdakaoko Udalak: Gurean erakusleiho digitala. Herrian dagoen eskaintza aberatsa batu, eta norbere beharrak herritik atera gabe kalitatez eta modu erosoan ase daitezkeela erakutsiko duen tresna da Gurean; behar berrietara egokitu, eta bertako negozio txikikiei zein herritarrei salerosketak erraztuko dizkien leihoa. Diseinu erraz eta erakargarria duen plataforma aurki egongo da prest, eta urte hasien erabilgarri egongo da. Dendari, ostalari eta mota guztietako negozio txikien izen ematea hasiko da orain, eta urtarrilean martxan egongo dela aurreikusten da. Zerbitzua doakoa izango da bai negozioentzat eta bai erabiltzaileentzat.


Aldatzen ari dira bizitzeko eta erosteko moduak aspaldian, eta pandemiak azkartu egin du aldaketa hori; inoiz baino ageriago utzi du aurrera egin ahal izateko egoera berrietara egokitu beharra dagoela: digitalizazio mundura jauzi egitea ezinbestekoa da atzean ez geratzeko. Are gehiago dendari, ostalari zein negozio txikientzat.


Hortaz, aurreikusteko ariketa bat egin, eta bertoko negozio txiki horiek sustatzeko baliabidea eskaintzea erabaki du Galdakaoko Udalak; eta, kudeaketa eraginkorra izan dadin, lehenbailehen egitea. Albait arinen, beranduegi izan baino lehen hartu behar zaio aurrea egoerari.


"Etorkizunerako prestatzen ari gara", ondorioztatu du plataformaren aurkezpenean Iņigo Hernando alkateak. "Ez da proiektu puntual bat; aldaketei aurre hartu eta etorkizunerako ezinbestekoak izango diren oinarriak jartzen ari gara". Oraindik hainbat denda eta negozio txiki digitalizaziotik oso urrun daudela jakitun, horiengana zuzendu da jauzi egiteko beldurrik ez izateko eskatuz: "ondoan izango gaituzue". Izan ere, plataforman parte hartu eta edukiak txertatzeko laguntza pertsonalizatua izango dute hala nahi dutenek.


"Badakigu plataforma erraldoiei aurre egitea oso zaila dela, baina beste behin dei egiten dut herri gisa pentsatu eta jarduteko". Herritarrengana zein dendariengana zuzenduta egin du hausnarketa, batu eta elkar babestuta aurrera egiteko deia.


Javier Ibarretxe Sustapen Ekonomikorako zinegotziak ere batzeko deia egin du: "Herri batean ez badago komertziorik ez dago mugimendurik, ez dago bizitzarik, hil egiten da". Beraz, batzeko deia egin die ostalari, dendari eta negozio txikiei; plataforma erabili dezatela elkartuta indar handiagoa izan dezaten, eta udalak haien eskura jarritako baliabidea baliatu dezatela. "Egoera zailak datozenean elkartu egin behar dugu eta denok batera aurrera egin". Erakusleihoa onuragarria izango den segurtasunarekin mintzatu da zinegotzia, eta udala laguntzen egongo dela baieztatu du, erdigunean ez dauden negozioak espresuki aipatuta. "Aukera hau komertzio guztiei ezagutarazi eta eskaini behar diegu, baita erdigunetik kanpo dauden horiei ere".


Beldurrik ez izateko eta plataformara atxikitzeko deia egin die Aitziber Bonilla Dendari Elkarteko lehendakariak ere herriko denda, ostalaritza eta negozio txiki guztiei: "Garrantzitsua baino garrantzitsuagoa izango da, eragilea gure lana sustatzeko". Bertan parte hartzea "oso erraza" izango dela azpimarratu, eta udalaren laguntza izango dutela nabarmendu du. "Ez dira bakarrik egongo". Alkateari, Udalari eta Behargintzari espresuki eskertu die laguntza: "eurek barik ezingo litzateke egin".


Plataformak zenbat eta parte hartzaile gehiago izan orduan eta indartsuagoa izango dela adierazi du Bonillak, negozio txiki guztiei bertaratzeko deia egiteko. Bere esanetan, denetariko gremioek parte hartzen badute, Galdakaoko eskaintza guztia egongo da eskura, eta horrek eragingo du bezero posibleak erosketak egitera Galdakaotik ez ateratzea. "Onena litzateke bertara jotzea zapatak behar baditut, masajista bat behar badut, haginlaria, teknikaria, jatekoa, arropa edo autoarentzako tailerra behar badut; horrek balio erantsia emango dio Gurean-i".


Behin plataformaren lehen aurkezpena eginda, orain, euren saltoki, produktu eta eskaintzak ikusgai jarriko dituzten saltzaileak biltzeko tartea hasiko da. Datozen asteetan nola atxiki azaltzen duen informazioa jasoko dute negozio txikien jabeek (500 inguru dira), eta bilketa kanpaina egingo da. Martxan urtarrilean zehar jarriko den esperantza dute sustatzaileek, eta datozen urteetan beharretara egokituko dela, erakusleiho izatetik haragoko jauzia eginda.


Maraka enpresak garatu du plataforma eta Cuchillo enpresa aritu da diseinuan. Garazi Camino Marakako kideak azaldu du neurrira egindako tresnaren lanketa: "Gurean ez da ezerezetik sortu dugun plataforma bat. Dagoeneko ibilbidea duen prozesu batetik sortzen da Gurean, Galdakaoko establezimenduekin eta herritarrekin batera. Proiektuaren lehen zatia ikerketa fase bat izan da, non inkesta eta bestelako ikerketaz gain Galdakaoko establezimienduekin elkarrizketak egin diren, baita herritarrekin ere. Honen helburua plataformaren erabiltzaile izango direnen nahi eta beharrak identifikatzea izan da. Horrela, plataformaren edukiak eta ezaugarriak erabiltzaileen beharretan oinarrituta definitu ditugu. Eta beranduago, plataformaren diseinua edukitakoan, eragile berdinekin kontrastatu da diseinua, beraien ekarpenak ere kontuan hartu eta plataforma egokia dela bermatzeko".


"Gurean" izenaren zergatiaren berri ere eman du: "'Gu' komunitatea da, herria; eta 'Gurean', lokala, hurbilekoa".