Igo
  • 2021/03/31

Galdakaoko Burdin Hesia ezagutu dute Otxarkoagako ikasleek, bisita gidatuan

Lubakiak, babeslekuak, metrailadore hobiak; defentsarako eraikitako sistema oso baten aztarnak. 1936ko gerran, Bilbo babesteko helburuz eraikitako Burdin Hesiaren Galdakaoko zatia ikusgarri dago, ibilgarri, bizigarri. Historiaren zati hori irudikatzen laguntzen duen ibilbidea atonduta du Galdakaok, seinalizatuta, txukunduta, edonork ikusteko moduan. Eta bisitari bereziak izan ditu egunotan: Bilboko Otxarkoaga auzoko formazio zentroko ikasleak.

Aurreko astean ezagutu zuten Burdin Hesiaren Galdakaoko zatia Otxarkoagako ikasleek. Eta ez soilik lubaki zein metrailadore hobiak ikusita edo azalpen panelak irakurrita. Ander Aperribai historialariaren ahotik ezagutu zuten hesiaren zentzu eta nolakotasuna. Bisita gidatu gisara egin zuten ibilbidea ikasleek historialariarekin eta adi jarraitu zituzten azalpenak, jakinminez, Aperribairen hitzetan. Entzundako historiarekin harrituta, asko ikasi zutela azaldu dute ikasle zein irakasleek, eta oso esperientzia positiboa izan dela.

Arrakasta ikusita, aukera Galdakaoko ikastetxeen esku jartzeko aukera aztertzen ari da Udala.