Igo
  • 2020/03/27

Galdakaoko anbulategia lanean arituko da asteburuetan covid 19 infekzioaren sintomak dituztenentzat

Egoera aldakor honek sortzen dituen beharretara egokituta, Galdakaoko anbulategia zabalik egongo da asteburu eta jaiegunetan, Koronabirusarekin lotuta arnasketa arazo larriak dituzten herritarrentzat. 14 urtetik gora dituzten Galdakaoko eta Larrabetzuko herritarrentzako zerbitzua izango da, eta covid 19 infekzioa dela eta arnas patologiak dituztenentzat mugatuko da. Kasu susmagarriak direnak edo baieztatuta daudenak kontrolatu eta horiei jarraipena egitera bideratuko du bere lana anbulategiak asteburuetan, eta arreta osaun zentroan bertan zein etxeetan egingo da. Ahal den kasu guztietan jarraipena etxetik egingo da, telefono bidezko hitzorduekin.


Gaur 17:00etan jarriko da martxan asteburuetako zerbitzu berezi hori, eta larunbat eta igandetan 08:00etatik 20:00etara arteko ordutegia izango du. Astean zehar, ohiko ordutegia izango du anbulategiak, beti bezala mota guztietako gaixoentzat.


Bestelako gaixotasunak direla eta asteburuan osasun zerbitzuak behar dituztenak Basauriko Etengabeko Arreta Gunean artatuko dira, ohi denez, ostiraletan 20:00etan hasi eta astelehen goizeko 08:00ak arte.


Galdakaoko Udalak Osakidetzaren eta osasungintzako langileen gomendioak jarraitzeko eskatzen die herritarrei, eta haien lana errazteko. Zentzu horretan gogoratu nahi du osasungintzatik eskatu dutela osasun etxeetara joan aurretik kontsultak telefonoz egiteko. Hona hartarako zenbakiak:


Galdakaoko anbulategia: 94 600 74 00


Basauriko Etengabeko Arreta Gunea: 94 600 73 45


Koronabirusarekin lotutako kontsultak: 900 20 30 50