Igo
  • 2021/02/11

Galdakaoko alkateak bilera eskatu dio Rementeriari, metroaren inguruko informazioa eskatzeko

Galdakaoko Udalaren ustez, kezkagarria da Bizkaiko Foru Aldundiak metroa Galdakaora eramateko egitasmoaren inguruan hartu duen bidea. Aldundiak ez du harreman zuzenik Galdakaoko Udalarekin, informazio gabezia da nagusi eta iristen diren albiste bakarrak bata bestearen atzetik datozen atzerapenak dira; argudiorik eman gabe iristen diren eta gerora gauzatzen ez diren atzerapen etengabeak. Iluntasun hori ez da ulergarria eta bai Udalak eta bai Galdakaoko herritarrek argipenak nahi dituzte. Hori dela eta, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari biltzeko eskaera igorri dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.

Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak emandako azken erantzunaren ondoren plazaratu du batzartzeko premia Hernandok. Hainbat atzerapenaren ondoren, 2020ko abenduaren 23rako aginduta zegoen metroaren 5. Línea egiteko azterlan informatiboa. Iritsi zen data hori ere, pasatu zen eguna, baina informaziorik ez zen iritsi.

Azterlana ez zuten publikoki erakutsi, baina egina zegoela iradoki zuten agintariek. Hartarako, agerraldi publikoa egin zuten Arriolak eta Rementeriak 2021eko urtarrilaren 13an. Orain jakin dugu, ordea, oinarririk gabeko agerraldia izan zela, ustezko azterlan hori egin gabe zegoela.

Besteak beste metroaren ibilbidea eta lanetarako epeak jaso behar dituen azterlana ez zela iristen ikusita, azterketa informatiboaren kopia eskatu zuen EH Bilduren taldeak Eusko Legebiltzarrean. Arriola sailburuak bidali du erantzuna: "Bilboko Metroaren 5. Lineari buruzko azterlan informatiboa ez dago amaituta".

Ez hori bakarrik; beste atzerapen baten berri eman du, galderaren erantzunean: "hori idazteko kontratuaren epea 2021eko maiatzaren 23ra arte luzatu da".

Erantzunaren azken esaldiak ere ez ditu zalantzak argitzen. Hau dio 5. lerroko idatziaren azken esaldiak: "Aukeratutako alternatiba zehaztu ondoren (behin betiko onartutako aurreko azterlan informatiboan oinarrituta dago), Bizkaibusekin koordinatutako eskari-azterlan berri baterantz eta ospitale-Euskotrenen lineen alternatiben azterlan baterantz bideratu da lan hau". Esaldi zehazgabe horretatik ulertu daiteke aurreko eraikitze proiektua baliatuko dela, baina ez zenbateraino eta nola.

Herriari horrenbeste eragingo dion gaiak argia behar duela uste du Galdakaoko Udalak. Herritarrak ere informazio eske ari dira. Hori dela eta, etengabeko nahaste, iluntasun eta luzapen horien aurrean, batzarra eskatuz idatzia igorri dio alkateak ahaldun nagusiari.

Erantzunaren zain dago alkatea, eta jasotzen duen informazioaren berri emango die herritarrei.