Igo
  • 2021/02/26

Galdakaoko alkatea eta alkateordea Unai Rementeria ahaldun nagusiarekin bildu dira metroaren inguruko informazioa eskatzeko

Iņigo Hernando Galdakaoko alkatea, Mari Paz Losada alkateorde eta Mugikortasun zinegotzia, eta Gonzalo Ispizua Udaleko arkitektoa Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin bildu dira, metroa hizpide hartuta.


Metroa Galdakaora iristeko proiektuaren inguruan azkenaldian egin diren adierazpen kontrajarriak direla eta, gaiari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko helburuz joan dira hirurak Aldundira, alkateak hala eskatuta. Emankorra izan da batzarra: Aldundiak proiektuarekin aurrera jarraitzen duela jakinarazi die Rementeriak Udaleko ordezkariei, eta lanean jarraitzen dutela, nahiz egitasmoaren egikaritzea Europako funtsen araberakoa izango dela berretsi duen.


Rementeriaren esanetan, azken azterketa informatiboan zehaztu zuen eta ordutik mahai gainean duen ibilbideari eusten dio Aldundiak. Oinarria hori izango dela adierazi ondoren, proiektua gauzatzeak eragingo lituzkeen arlo teknikoei buruz aritu dira Aldundiko burua eta Udaleko ordezkariak; besteak beste, Sarratuko intermodalaren nolakotasunari buruz eta Usansolorako loturari buruz.


Proiektuak zuzenean eragiten dion erakundea izanik, aurrera egin dezan elkarlanean aritzeko eskua luzatu dio alkateak ahaldun nagusiari, eta hemendik aurrera informazio trukerako kanala zabalik izango dute bi instituzioek.