Igo
  • 2019/10/14

Galdakaoko 3 emakume sendagile Angolara joan dira berriz ere, Walale proiektuaren babespean abiarazi duten lan solidarioarekin jarraitzeko asmoz

Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuan lan egiten duten Galdakaoko 3 emakume sendagile Loiuko aireportutik irten ziren joan den igandean, ondoz ondoko seigarren urtez, Vougako (Angola) Ospitalean egiten ari diren lan solidarioarekin jarraitzeko. Amaia Emaldi, Patricia Pérez de Villarreal eta Saioa Ajuriagojeaskoari, Basurtuko Ospitaleko bi ginekologo gehitu zaizkie oraingoan, Tania Arriba eta Maitane Lacunza, baita Ivan Yuste ingeniaria eta Endika Basabe suhiltzailea ere.


"Walale, edateko ura eta osasuna Angolarentzat" deritzon proiektuari atxikita abiatu dira, izan ere, duela 2 urte sortutako ekimen honen bitartez, hiru sendagileek, Amaia Ormaza galdakoztarrarekin eta aipatutako Tania eta Ivánekin batera, dirua biltzeari ekin zioten, Bié probintzian kokatutako Vougako ospitalearen inguruan ur-araztegi bat instalatu ahal izateko.


Honela, aurre egin ahal izango diote, urtero lankidetzan jardutera joaten zirenean aurkitzen zuten arazorik handienetako bati: edateko uraren eskasiak, saneamendu desegokiak eta gutxieneko higiene-neurriei buruzko kontzentziarik ezak eragindako gaixotasun gastrointestinal ugariei, hauetako asko hilkortasun-tasa handikoak direlarik


Talde honen eta Vouga aldean bizi diren ehunka pertsonaren ametsa iaz gauzatu zen. Azken bi urteotan egindako jarduerei esker (argazki-erakusketak, hitzaldiak eta kikara eta egutegien salmenta) eta partikularren nahiz erakundeen dohaintzen laguntzaz -Galdakaoko Udala tarteko-, beharrezko funtsak biltzea lortu zuten (ia 40.000 euro). Horrela, iaz ospitalea zein inguruneko landa eremuko herriak hornitzen dituen ur-araztegia erosi, instalatu eta martxan jarri ahal izan zuten. Etorkizunean, bigarren ur-araztegi bat erostea eta instalatzea gustatuko lizaieke.


Angolan egingo duten egonaldian, ospitale barruko jardun profesionalarekin batera, bestelako ekintza solidarioetan ere parte hartuko dute: umeei aisialdian laguntzea; landa eremuko emakumeak ahalduntzea horien buruzagien bitartez; eta uraren erabilera egokia sustatzeko prestakuntza eta sentsibilizazioa lantzea, elikadurari zein norberaren higieneari dagokiena, segurtasunik gabeko uraren kontsumoari atxikitako gaixotasunen eragina murrizteko asmoz.


Gainera, Iván, ur-araztegia instalatu eta Vouga hirugarren aldiz bisitatuko duen ingeniaria, instalazioaren mantentze-lanak planifikatu eta ikuskatzeaz arduratuko da. Oraingo honetan, ondo-ondoan izango du Endika Basabe, Bilboko suhiltzailea, "Walale" proiektuan estreinatu eta behar den guztian laguntzeko prest bertaratu dena.


Walale proiektuari buruzko informazio gehiago www.walale.org webgunean eta proiektuak Facebooken duen orrialdean eskura daiteke.